2019ko aurrekontuak onartu dituzte, gehiengoaren babesarekin

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 19a, 09:00
Udala osatzen duten lau taldeetatik hiruk eman zuten 2019ko udal aurrekontuen aldeko botoa. (Amaia Urbieta Arruti)

2019ko udal aurrekontu orokorrak onartu zituzten ostegunean eginiko ezohiko udal osoko bilkuran. Gehiengo zabalaren babesarekin onartu zituzten; EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk baiezko botoa eman zuten, eta Irabazi Zarautz koalizioa abstenitu egin zen. Aurtengo udal kontu bateratua, 37.000.000 milioi eurokoa izango da.  Horietatik, 4.900.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, eta ondokoak izango dira aurreikusitako inbertsio nagusiak: Errotaberri industrialdeko obrak (1,9 milioi euro), Lizardiko kirol pista estaltzea (1,5 milioi), Torreoiaren egokitzea (490.000), Lauaxeta eta Aresti guneak berrurbanizatzea (415.000) eta Emakumeen etxea eraikitzea (170.000).

Aurtengo aurrekontuak lantzerako garaian hartu dituzte kontuan agintaldirako garatutako plana osatzeko falta diren ekintzak, 2018an zehar konprometitutako inbertsioak eta herritarrengandik jasotako eskaerak. Horrez gain, Zarauzko Udal langileen soldataren %2,25eko igoera ere onartu dute.


Diru sarrerak

Agintaldiko azken aurrekontuetako proiektu guztiak finantziatu ahal izateko, iturri desberdinetatik jaso du dirua udalak. Alde batetik, finantziaketarako foru funtsetik 16.000.000 euro jaso ditu (udal diru sarreren %43). Horrez gain, hainbat zergen bidez ere jaso ditu diru sarrerak udalak. Azpimarragarrienak, OHG zerga (4,5 milioi) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen zerga (1,5 milioi).  Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, guztira, 1,8 milioi euroko dirulaguntza eman diote Zarauzko Udalari, proiektu desberdinetan laguntzeko.

Zarauzko udalaren zor bizia 2018ko abenduaren 31n 6.900.084 eurokoa zen. Legezko zorpetze maila %5,37an dago, eta datu hauek mahai gainean izanik, Jesus Arana EAJ alderdiaren bozeramaileak ondorioztatu du Zarauzko herria "abian" jarri dutela, baina "arduraz jokatuz".


Gastuak

Etxebizitza eta hirigintza. 5.400.000 milioi euro.
Gizarte zerbitzuak eta gizarte sustapena. 4.500.000 euro.  
Kirola. 4.500.000 euro.
Kultura. 4.400.000 euro.
Herritarren segurtasuna eta mugikortasuna. 3.700.000 euro.
Zerbitzu orokorrak. 3.300.000 euro.
Komunitate ongizatea. 3.000.000 euro.
Hezkuntza. 1.300.000 euro.
Ingurumena. 1.300.000 euro.
Zor publikoa. 1.300.000 euro.
Merkataritza, turismoa, enpresa txiki eta ertainak. 1.200.000 euro.
Gobernu organoek ematen duten gastua. 1.200.000 euro.


Zuzenketak eta iritziak

Aurrekontuen hasierako zirriborroa gehiengoz onartua izan zen otsailaren 7ko Antolakuntza Batzordean, EH Bilduren eta Irabazi Zarautzen abstentzioekin.  EH Bilduk 32 zuzenketa partzial proposatu zituen.  Negoziazioen ondoren, akordiora iritsi ziren hiru alderdiak. "Kontuan izan behar dugu 2019ko aurrekontuetan azaltzen diren inbertsio garrantzitsuenak aho batez onartuak izan zirela 2018ko udalbiltzetan, kreditu konpromiso bidez. Beraz, esan daiteke mahai gainean zegoela oinarrizko gaietan akordiora heltzeko borondatea", azaldu zuen Aranak.  

Besteak beste, akordio bateratuak etxebizitza arloan hainbat ekarpen jasotzen ditu. Alokairua sustatzeko hainbat neurri abian jartzea adostu dute. Gaiarekiko sentsibilizaziorako kanpainak eta maizterrei zein alokatzaileei bideratutako dirulaguntzak jarriko dituzte martxan. Horrez gain, horretarako ezarritako kopurua herritarrek eskatutakoa baino gutxiago bada, udalak egitasmoa "behar adinako kopuruarekin hornituko duela" azaldu zuen Aranak.

Bestalde, EH Bildu taldeak bere proposamenetan jaso bezala, enpleguaren arloari "garrantzi berezia" eman nahi izan diote aurrekontu hauetan. Hala, emakumeei, gazteei eta lana aurkitzeko arazoak dituzten kolektiboei bultzada berezia emango diete. Urola Kostako Udal Elkartearen bidez, kalitatezko enplegua sustatzearen aldeko apustua egitea da asmoa. Horrekin lotuta, udalari dagozkion kontratazio berrietan, 1.200 euro garbiko soldata eskaintzeko baldintzak izatera konprometitu dira.

Azken momentuan, Irabazi Zarautz taldearekin ere abstentziorako adostasunera heldu zen Udal Gobernua (EAJ eta PSE-EE). Horretarako,  ondorengo konpromisoak hartu zituen: Modelo aretoaren kudeaketarekin batera, Modeloren Lagunak deskontu txartela edo fideltasuna  sarituko duen bazkidetza bultzatzea; animalien ongizaterako, herritarrek jasotzen dituzten maskoten identifikatze eta esterilizazio postuez udala arduratzea; eta Eloy de la Iglesiasi buruzko omenaldi zikloa egitea. Udalbatzarrean, Irabazi Zarautz taldeak aurrez aurkeztu zituen 15 zuzenketak erretiratu zituen eta botoa emateko orduan ez zuten besorik altxatu bi zinegotziek.


Akordioaren garrantzia

EAJ, PSE-EE eta EH Bildu udal taldeek akordiora heldu izanaren garrantzia azpimarratu zuten behin eta berriro udalbatzarrean. Hala adierazi zuen Aranak: "Aurrekontu hauek testuinguru berezi batean osatu dira. Maiatzean udal eta foru hauteskundeak izanik, halabeharrez, gobernuan etenaldi bat suposa dezake. Lortutako akordio zabalak, ordea, bertan jasotakoak abian jartzeko erraztasunak eman ditzake". EH Bilduk, berriz, zenbait gairekin "desados" agertu arren, lehen proposamenetik "aldaketa nabarmenak" egin dituztela adierazi zuen.