'Lou eta kostako 'korral'-a' argazki erakusketa zabalduko dute Ispilu Arten

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 19a, 11:13
Lourdes Olangua 2013an zendu zen.

Marivi Ibarrola argazkilariak inoiz jendaurrean erakutsi gabeko argazkiak bildu ditu Lou Olangua zenari buruzko erakusketa prestatzeko, eta ostiralean izango da inaugurazioa, Ispilu Arte galerian. 1980eko hamarkadako argazkiak dira, eta hainbat musika taldetako kideak agertzen dira bertan.

Ostiralean, otsailak 22, 19:30ean inauguratuko dute Lou eta kostako korral-a argazki erakusketa Ispilu Arte galerian. 30 argazki baino gehiago hautatu ditu bere artxibotik Marivi Ibarrola argazkilariak, 1980eko hamarkadan OK Korral eta Humedecidos musika taldeetan aritu zen Lou abeslaria protagonista duen erakusketa osatzeko.

Lou eta Dani Ulazia izan ziren talde horietako liderrak, eta 1980eko hamarkadan zeresana eman zuten bai egiten zuten musikagatik, bai agertokian eskaintzen zuten ikuskizunagatik.

2013an hil zen Lou, eta inoiz jendaurrean erakutsi gabeko argazkiak bildu ditu Ibarrolak, hura omentzeko. 1986an egindako argazkiak dira. Erakusketa osatu dute garai hartako Donostia eta Gernika arteko hainbat musika talderen argazkiekin.

Ispilu Arte galeria Gipuzkoa kalean dago, 24. zenbakian, eta erakusketa martxoaren 15era arte egongo da ikusgai.

Asteburu osoa Lou omentzeko

Argazki erakusketaz gain, larunbatean Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala eskainiko dute aurreneko aldiz herrian. Modelo aretoan 17:00etan zabalduko dute leihatila, eta sarrerak agortu arte doan eskuratu ahalko dira. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Ondoren, 23:00etan, Marina Txikin jarraituko du abeslariaren aldeko omenaldiak. Izan ere, Dinamita pa' los pollos taldeko Reyes ariko da diskoak jartzen.