Antoniano taldekoek hiru domina eskuratu dituzte Gipuzkoako atletismo txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 19a, 18:00
Antoniano Kirol Elkarteko hamabi kidek parte hartu zuten Gipuzkoako txapelketan. (Antoniano Kirol Elkartea)

Antoniano Kirol Elkarteko hamabi kidek parte hartu dute txapelketan. Ekaitz Tejadok, Ibai Moragonek eta Hodei Elezgaraik irabazi dituzte dominak, 1.500 metroko proban, pisu jaurtiketan eta 800 metroko proban, hurrenez hurren.

Pasa den larunbatean, otsailak 16, Gipuzkoa mailako atletismo txapelketa eta PLP proba jokatu zituzten Donostian. Antoniano Kirol Elkarteko hamabi kidek parte hartu zuten; hain zuzen ere, Xabat Mujikak, Joxe Mari Manterolak, Kristel Del Carmenek, Aritz Lazkanok, Andoni Aizpuruak, Hodei Elezgaraik, Nahia Goiak, Nerea Tenak, Naia Cartierrek, Ekaitz Tejadok, Sara Manzisidorrek eta Ibai Moragonek.

Hiru domina

Ekaitz Tejado jubenilak urrezko domina eskuratu zuen 1.500 metroko proban, 4'33'46 minutuko markarekin. Ibai Moragon juniorrak zilarrezko domina irabazi zuen pisu jaurtiketan, eta Hodei Elezgarai jubenilak, aldiz, brontzezko domina lortu zuen 800 metroko proban, 2'30'42 minutuko markarekin.

Bestalde, Naia Cartier kadeteak seigarren egin zuen 600 metroko proban, 1’59’83 minutuko markarekin, eta Nahia Goia kadeteak 11. postua lortu zuen 1.000 metrokoan, 3'21'87 minutuko markarekin.

Sara Manzisidor jubenilak 3.000 metroko proban parte hartu zuen, eta 11'24'90 minutuko markarekin, laugarren egin zuen. Nerea Tena jubenilak 800 metroko proba egin zuen, eta 7. postua eskuratu zuen, 2'55'33 minutuko markarekin. 400 metroko proba, berriz, Andoni Aizpuruak, Nerea Tenak eta Aritz Lazkanok jokatu zuten. 55'69 segundoko marka egin zuen Aizpuruak, Tenak 1'12'71 minutukoa, eta Lazkanok, 1'01'62 minutukoa.

Kristel Del Carmenek, Andoni Aizpuruak eta Joxe Mari Manterolak 200 metroko proban parte hartu zuten, 20'85 segunduko, 24'88 segunduko eta 30'01 segunduko markekin. Aurretik lortutako emaitzak hobetu zituzten Del Carmenek eta Aizpuruak.

60 metroko probari dagokionez, Xabat Mujika (7'86 segundu), Joxe Mari Manterola (8'80 segundu), Kristel Del Carmen (8'95 segundu) eta Aritz Lazkano (8'04) izan ziren norgehiagokan. Azkenik, Ibai Moragonek 1.500 metroko proba ere jokatu zuen, eta 5'20'36 minutuko marka egin zuen.