'Bohemian Rhapsody' filma emango dute Modelon asteburu honetan

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 19a, 15:22
Urrian estreinatu zuten 'Bohemian Rhapsody' filma.

Otsailaren 22an, 23an, 24ean eta 25ean izango dira emanaldiak, Modelo aretoan. Bertako txarteldegian erosi beharko dira filmerako sarrerak.

Otsailaren 14an, osteguna, ireki zituzten Modelo aretoko ateak, eraberritze lanak amaituta. Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filma eman zuten, eta ostiralean, larunbatean, igandean eta atzo, astelehena, ere izan ziren emanaldiak.

Asteburu honetan, aldiz, urriaren 24ean estreinatutako Bohemian Rhapsody filma ikusteko aukera izango da Modelo aretoan. Queen taldeko Freddie Mercury ardatz duen ikus-entzunezko lana da, Bryan Singerrek zuzendutakoa, eta Rami Malek aktorea sartu da Mercuryren azalean.

Bohemian Rhapsodyren zazpi emanaldi izango dira Modelo aretoan. Hona hemen:

  • Otsailaren 22an, ostirala. 19:30ean eta 22:00etan
  • Otsailaren 23an, larunbata. 22:00etan
  • Otsailaren 24ean, igandea. 19:30ean eta 22:00etan
  • Otsailaren 25ean, astelehena. 17:00etan eta 20:30ean

Modeloko txarteldegian erosi beharko dira filmerako sarrerak, egunean bertan.