Urola Kostako HITZA-k 15 urte bete ditu gaur

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 20a, 10:06
Urola Kostako HITZA-k 15 urte bete ditu gaur.

Urola Kostako eskualdeko euskara hutseko egunkariak 15 urte bete ditu gaur. Egunkariaren lehen zenbakia 2004ko otsailaren 20an argitaratu zen, ordutik 4.250 zenbaki kaleratu dira, zero zenbakia kontuan hartura. Egunkaria Urola Kostako 11 herrietan banatzen da: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Getaria, Errezil, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Dagoeneko hamabost urte igaro dira Urola Kostako biztanleek etxeko postontzietan euskara hutseko eskualdeko aurreneko egunkaria lehenengo aldiz jaso zutenetik. Ordutik tokian tokiko eguneroko albisteak bertako ikuspegitik eman asmoz argitaratu da Urola Kostako HITZA.

2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen, baina, laster, 2003 urtean bertan, sortuko zuten Berria, euskara hutseko egunkari nazionala. Egunkaria itxi eta urtebetera, 2004ko otsailaren 20an, ezagutuko zuten herritarrek eskualdeko produktu berria: Urola Kostako HITZA.

Urola Kosta eskualdean ordurako euskarazko prentsa irakurtzeko ohitura bazegoen. Izan ere, eskualdeko herri ia guztietan argitaratzen zen herri aldizkariren bat: Azkoitian Maxixatzen, Azpeitian Uztarria, Getarian Artzape, Orion Karkara, Zestoan Danbolin, Zarautzen Txaparro eta Zumaian Baleike.

Horietako gehienek indarrak batu eta egunerokoa argitaratzeko erronkari heldu zioten. Hala, urte hauetan guztietan, elkarlan horrek emandako ahalmenari esker desafio eta garai berriei aurre egin die Urola Kostako HITZAk.

Sorreratik gaur egunera artean aldaketa handiak izan ditu HITZAk, baina sorrerako oinarriari heltzen dio gaur gaurkoz: euskaraz kalitatezko kazetaritza profesionala egitea, alegia.

Helburu horretan, hamabost urte hauetan berrikuntza teknologikoek eta kazetaritza digitalak ere lan egiteko moduan eragin nabarmena izan dute. HITZAk olatu horri heltzeko apustua egin du, urolakosta.hitza.eus webgunean bertako albisteen egunerokoa jasotzeko eta unean unean horien berri emateko. Horrek urteko egun guztietan lan egitea ekarri du.

Sorrera

Eguneroko herri informazioa euskaraz lantzeko eta kalitatezko egunkari plurala egiteko helburuarekin sortu zen Urola Kostako HITZA. Ordurako, Euskal Herrian beste hiru HITZA zeuden: Tolosaldean (egun, Ataria), Oarsoaldean eta Lea-Artibai eta Mutrikun. Eskualde horietan bezala, Urola Kostan ere, eskualdeko herri aldizkarien, euskara elkarteen, Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) eta eskualdeko eragileen artean sortu zen egunkaria. Proiektuan eskualdeko hainbat elkartek parte hartu zuten: Txaparro (Zarautz), Uztarria Komunikazio Taldea (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria). Enpresaren hirugarren hanka, berriz, gizarte eragileek osatu zuten.

Maiztasuna

Sorreran asteartetik igandera argitaratzen zen Urola Kostako HITZA, Berria egunkariaren maiztasun bera jarraituz, baina zortzi orrialdetara mugatuta. Maiztasun hori 2010eko udazkenera arte izan zuen. Epe horretatik aurrera asteartetik ostiralera kaleratzen da HITZA, eta asteko gainontzeko egunetako albisteen jarraipena webgunetik egin izan da, urteko 365 egunetan lan eginez. Gaur egun, HITZAko harpidedunek ostiraletan Gipuzkoako Hitza ere jasotzen dute eta Berriako harpideek euskualdeko HITZA jasotzen dute.

Webgunea

Hitzaren papereko edizioaren lehen zenbakia argitaratu eta handik laupabost hilabetetara jarri zen abian webgunea (urolakosta.hitza.eus), edizio jarraiari berebiziko garrantzia emate aldera. Teknologia berriek kazetaritza eta albisteak zabaltzeko modua aldatu dute, eta HITZAk ere horretan aurrera egiteko erronkari heldu dio, lan egiteko modu eta baliabide berrietara egokituz. Hala, azken urteetan aparteko bultzada eman nahi izan dio webguneari, sare sozialei (Facebook, Twitter, Instagram, You Tube eta Flickr-en ditu kontuak) eta ikus-entzunezko albisteei.

Ahalegin horretan, joan den hilean erabat berrituta estreinatu zuen Interneteko ataria HITZAk, webgune erakargarriagoa eta eraginkorragoa eginez.

Hitzakideak

Hitza egunkaria sortu eta hasierako hilabeteetan harpideek doan jaso zuten egunkaria etxean. Hala ere, aurreikusitakoa baino lehen egin behar izan zuen HITZAk harpidetza kanpaina. Harpidedunen erantzuna oso ona izan zen, ordea, %64ak lagundu zuen diruz egunkaria. Ordutik, urteko kuota baten truke Hitzakideek etxean jasotzen dituzte eskualdeko berriak eta hainbat eskaintzaz gozatzeko aukera dute. Aurten, gainera, hedabideen zutabe garrantzitsua diren Hitzakideei eskaintza zabaldu zaie, webgunearen bidez kontua sortzeko aukera eskainiz, eta hainbat abantaila eskura jarriz.

Eragileak

HITZAk aurrera eskualdeko hainbat kultur, gizarte eta kirol eragileri esker egin du. Baina hamabost urte hauetan HITZAk ere eragile gisa funtzionatu du. Besteak beste, AEK euskaltegiak antolatzen duen Korrikaren edizioetan parte hartuz, eskualdeko hainbat kirol egitasmo babestuz (Hitzaren arkua helmuga bihurtuz edota zintak banatuta), mahai inguruak eta solasaldiak antolatuz…

Euskaraz irakurtzeko apustua egin dutenenaz gain, euskaraz iragartzeko aukera egin dutenak dira Hitzaren arnasa. Eskualdeko ehunka merkatari izan da horren alde egin dutenak, eta horiek izan dira eskualdeko hedabideak aurrera egitea ahalbidetu dutenak.

Finantzabide propioez gain, euskarazko hedabideek aurrera egiteko eta erronka berriei heltzeko ezinbestekoa dute dirulaguntza publikoa. Horretan, eskualdeko udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso ditu urteotan HITZAk.

Elkarrekin lanean

Elkarteen arteko elkarlanaren emaitza izan zen eskualdeko euskarazko egunkariaren proiektua, eta urte hauetan guztietan eguneroko lanaren ardatzetako bat hori izan da; bide horretan, azken urteetan elkarlanerako hitzarmenak egin ditu Zumaiako Baleikerekin eta Orioko Karkararekin. Azpeitian, berriz, erredakzioa bateratu dute Uztarriak eta HITZAk.

Gaur egun, berriz, eskualdeko euskarazko hedabideen artean indarrak batzeko, eta elkarlana eraginkorragoa izateko bideak irekitzeko sukaldeko lanean ari da gaur egun Urola Kostako HITZA beste herri hedabideekin batera.

Euskal hedabideen sektorearen indarrak batzeko Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea sortu zuten 2012ko azaro amaieran. Bertan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskara hutsez jardutea hedabideak eta publikoa ez izatea. Bi urteko sukalde lanaren ondoren, hasieratik elkartearekin bat egin zuten Euskal Herri osoko 50 hedabidek baino gehiagok, tartean HITZA egunkariek eta Berriak.

Egoitzak

Eguneroko lanean jarduteko bi egoitza zehaztu zituzten garai hartan: bata, Urola Erdian, Azpeitian, eta bestea Kostan, Zarautzen. Hasiera-hasieratik Azpeitiko erredakzioa Uztarria Komunikazio Taldekoekin elkarbanatu da, eta gaur egun ere hala da. Zarautzen, berriz, Araba kalean izan du egoitza sorreratik, baina lokal desberdinetan. Elkarlanaren bidean, baina, iazko apiriletik Erlo Telebistarekin bateratuta du egoitza, Araba kalea 27. zenbakian.

Horrez gain, tokiko komunikazioa gertutik jarraitzeko, gaur egun Zumaiako eta Orio eta Aiako albisteak Zumaiatik (Baleikeren egoitzatik) eta Oriotik (Karkararen bulegotik) jarraitzen dira, kazetariek toki horietatik lan eginez, tokiko hedabideen eta eragileen elkarlana bultzatuz eta eguneroko lana eraginkorragoa eginez.