'Osakidetza zurekin' proiektua aurkeztu dute

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ots. 20a, 13:36
Ezkerretik hasita, David Muriana, Eider Uzkudun, Miren Letamendia eta Sorkunde Portularrume 'Osakidetza zurekin' proiektuaren aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

"Osasun zentroa herritarrei gerturatzea" da helburua, "zarauztarrei osasun arloan baliabide gehiago" eskainiz. Horretarako, hitzaldi eta tailer desberdinak antolatu dituzte. Otsailaren 27an izango da lehenengo saioa; Etxeko pazientearen zainketak.

Zarauzko osasun zentroak, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak eta Osasun Departamentuak Osakidetza zurekin proiektua aurkeztu dute gaur, asteazkena. Miren Letamendia Osasun zinegotziaren arabera, orain arte, hainbat ekintza bakan antolatu dituzte elkarlanean. Orain, ordea, elkarlan hori "sendotzen" ari direla adierazi du: "ezinbestekoa iruditzen zaigu osasunaren sustapenean diharduten agente guztien lankidetza eta koordinazioa, baita administrazio publikoen arteko elkarlana ere". Bide horren lehenengo emaitza da Osakidetza zurekin.

Eider Uzkudun Zarauzko osasun zentroko lehen arreta unitateko arduradunak azaldu duenez, 2018ko ekainean, zentroko hainbat langile elkartu ziren: "lan egiteko beste modu bat badagoela ikusi genuen, eta horretarako zein beste bide jarraitu ditzakegun aztertu genuen". "Osasun zentroan lantzen dugun osasun arloko perfil desberdinen iritzia kontuan hartu ahal izateko", alor desberdinetako profesionalak batu ziren.

Lan-taldetik proiektu desberdinak martxan jartzea adostu zuten, eta abiatutako egitasmoetako bat da Osakidetza zurekin. Helburua "osasun zentroa herritarrei gerturatzea" da, eta horretarako, zenbait hitzaldi eta tailer antolatu dituzte, "herritarrentzat interesgarriak izango direlakoan".

Jardunaldietan lantzeko "gai anitzak" planteatu dituztela azaldu du Uzkudunek, "zarauztarrei osasun arloan baliabide gehiago eskaintzeko asmoz". Alde batetik, gaixotasuna eta gaixotasunak eragin ditzakeen egoera desberdinei buruzko informazioa jorratuko dute saio horietan, "baina ez hori bakarrik": "bakoitzak, bere neurrian, norberaren osasuna nola sustatu dezakeen ere adierazi eta azaldu nahi dugu". Esate baterako, "ariketa fisikoak eta dietak gure osasunerako zein garrantzitsuak diren" azalduko dute, "eta baita hain medikalizatua dagoen gizartearen aurrean zer egin dezakegun ere".

Teknologia berriei buruz hitz egitea ere "ezinbestekoa" dela iritzi du Uzkudunek: besteak beste, internet eta osasun karpetak izango dituzte hizpide osasunaren inguruko jardunaldietan.

Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan (Araba kalea, 20) izango dira saio guztiak, gutxi gorabehera, hilabetean behin. Gehienetan, osasun zentroko langileek edo profesionalek parte hartuko dute. Euskaraz eta gazteleraz izango dira saio gehienak, eta izena emateko, osasun zentrora bertaratu beharko dute interesa dutenek.

Hona hemen Osakidetza zurekin proiektuaren barruan antolatu dituzten lehenengo hiru jardunaldiak:

  • Etxeko pazientearen zainketak. Otsailaren 27an, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara.
  • Norberak bere burua zaintzen ikasi. Martxoaren 12an, asteartea, 11:30etik 13:30era.
  • Pertsona zaharren erorikoak prebenitzeko tailerra. Martxoaren 26an, asteartea, eta martxoaren 27an, asteazkena, 10:00etatik 12:00etara.