Manifestazioa egingo dute larunbat honetan, Neguetxe irekitzeko aldarrikatuz

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 20a, 16:23

Hirugarren astez mobilizatuko dira herritarrak "Neguetxe orain irekitzeko" eskatuz. Etorkizunean martxan jarriko dituzten ekimenetan laguntzeko boluntario zerrenda osatzen dabiltza.

Manifestazioa antolatu dute otsailaren 23rako, larunbata, Lege Zaharren Enparantzatik hasita. 13:00etan elkartuko dira bertan, eta herriko kaleetatik zabalduko dute "Neguetxe berehala irekitzeko" aldarria.

Bestalde, igandean, 16:30ean bilduko dira Putzuzulon gaiaren inguruko lanketarekin aurrera egiteko. "Udalak erakutsitako borondate falta medio, konbentzituta gaude egoerari geronek egin behar diogula aurre", adierazi dute komunikatu baten bidez. Azaldu dutenez, boluntario-zerrendak osatzen ari dira etorkizunean martxan jarriko dituzten ekimenetan laguntzeko. Gogoz dagoen oro negukoetxea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzera gonbidatu dute.