75. urteurrenaren harira, herri kirol jaialdia antolatu du ZKEk larunbaterako

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 21a, 16:12

Urrezko Aizkolarien Binakako lehiako Final Txikia eta herriko harrijasotzaileen Binakako Txapelketa jokatuko dituzte. Txingekin eta ingudeekin ere ariko dira.

Herri kirol zaleek gozatu ederra hartuko dute bihar arratsaldean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Izan ere, 17:30etik aurrera puntako kirolariak ariko dira aizkoran, harri jasotzen, txingetan eta ingudeekin. Sarrera 15 euro kostako da 18 urtetik gorakoentzat, eta doan izango dute adin txikikoek.

Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte bete zituen otsailaren 8an, eta horregatik urtean zehar hainbat ekitaldi berezi egingo ditu. Esaterako, larunbatekoa. Izan ere, aizkoran Eusko Label Saria-Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren Final Txikia jokatuko da, eta harri jasotzen, berriz, Zarautz Kirol Elkarteko harrijasotzaileen BinakakoTxapelketa egingo da. Aizkoran Ugaitz Mugertza II.ak eta Iñaki Azurmendik indarrak neurtuko dituzte Jon Rekondo eta Xabier Orbegozo Arria V.-aren aurka.

Harri jasotzen, berriz, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza ariko dira Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.aren eta Xabier Peñagarikano Peña-ren aurka. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, erakustaldia eskainiko du 10 urteko Jakes Iruretagoiena Izeta V. a harri jasotzaile txikiak ere.

Bestetik, txingetan desafioa ikusteko aukera egongo da. Izan ere, 50 kiloko txingekin ibiliko dira nor baino nor Ousman Drame eta Kerman Gonzalez de Heredia, Euskadiko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren.

Azkenik, Gabonetako Txapelketako errebantxa jokatuko dute ingudean Virginia Finolek, Maika Aristegik eta Karmele Gisasola Zelai-k. Lehia polita Gabonetako Txapelketa irabazi zuen Finolek, eta bigarren eta hirugarren egin zuten Aristegik eta Gisasolak.