Kobazulo kolektiboa jaio da

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 21a, 20:00

Putzuzulo gaztetxeko kontzertu gela atondu dute Kobazulo kolektiboko kideek. Otsailetik maiatzera bitartean lau kontzertu antolatu dituzte,
eta beste hainbat egitasmo prestatzen ere badabiltza.

Bi gela handi ditu Putzuzulo gaztetxeko beheko solairuak: gela nagusia eta kontzertu gela deitu izan zaiona. Kontzertu gela, ordea, "egoera tamalgarri samarrean" zegoen duela urtebete. Iker Itxasoren iniziatibaz, gela goitik behera txukuntzen eta berritzen aritu dira azken hilabeteetan Mattin Ostolaza, Alejandro Davila eta hirurak. Ostolazak azaldu duenez, "elkarri burua jaten" iritsi ziren Kobazulo kolektiboa sortzeraino. "Eta hau egiten badugu? Eta beste hau? Hirurok musikazaleak izanik aprobetxatzea erabaki genuen eta egitasmoari forma eta izena eman genizkion".

Besteak beste, bozgorailuak, musika ekipoa eta monitoreak konpondu dituzte. Kable berriak jarri, sabaia txukundu zeuden itokinak desbideratuz, argiteria berritu eta fokuak jarri, aretoko hormak margotu eta hormak moketatu dituzte soinua gehiago xurga dezaten. Laburbilduz, "dotoretu eta ukitu goxoa" eman diotela dio Itxasok.

Belako taldeak pasa den abenduan Putzuzulon jo zuenean eman zuten egitasmoaren berri. "0. kontzertua izan zen, eskuorri batzuk banatu genituen aurkezpen moduko zerbait izan zedin". Harrezkero, kontzertuak lotzen ibili dira eta otsailaren hasieran plazaratu zuten maiatzera bitartean egongo diren kontzertuen zerrenda. "Aretoa prest zegoen 2018 amaierarako, baina nahiago izan genuen denbora tarte apur bat hartu eta lehen kontzertua otsailerako programatu".

Kontzertuetatik haratago

Kontzertuak antolatzeaz gain, hamaika ideia sukaldatzen dabiltza Kobazulo kolektiboko kideak. Esaterako, atondu berri duten aretoa gainontzeko herritarren eskura ere egotea nahiko lukete. "Edozein norbanako edo taldek hemen kontzertuak antolatu nahi badituzte bidea erraztea da gure asmoa". Horrekin batera, Zarautzen nabaritzen zuten hutsune bat betetzea dute asmo. "Kontzertu bat antolatu nahi denean zailena leku egokia topatzea izaten da. Zarautzen ez dago kontzertuak eskaintzeko leku egokirik. Modelo zinemara bideratuago dago eta tabernak, orokorrean, ez dira leku egokiak izaten", dio Ostolazak.

Horren aurrean, sortu berri dutena altxortzat dauka Itxasok: "200 pertsonako edukiera duen areto bat da, musika ekipo finkoarekin, doan eta taldeek behar duten guztia eskura daukate gaztetxean. Bertan aparkatu dezakete eta beharrezkoa izanez gero, bertan afaldu zein lo egin".

Musikariez gain, beste hainbat alorretan ekarpenak egin ditzakeen jendeari egin diote dei Kobazulo kolektiboko kideek: ilustratzaileak, sukaldean esku bat botatzeko prest daudenak, argazkilariak... "Gauza desberdinak probatzen joan nahi dugu, eta ideia eta ekarpenak ongi etorriak izango dira". Sare sozialetan aktiboak izango direla aurreratu dute kolektiboko kideek. Horretarako, Facebook, Twitter eta Instagram kontuak ireki dituzte. Bestalde, norbaitek beraiekin harremanetan jarri nahi badu, kobazulokolektiboa@gmail.com helbidera idatzita egin dezake.

Ezagutzak partekatze aldera, soinu teknikari ikastaroa eskainiko dute Kobazulo kolektiboko kideek, gaiaz gehiago jakin nahi duen jendearentzat. Martxoaren 15ean, ostirala, jarri dute zita, Putzuzulo gaztetxean bertan.

Kontzertuak

Otsailak 22: Mugaldekoak Band

Matxoak 22: McOnak

Apirilak 13: Patxuko Nice eta Papawanda

Maiatzek 3: Moonshine wagon

Kontzertu guztiak 23:00etan hasiko dira eta ateak 22:00etan zabalduko dituzte. Guztietan prezioa 5 eurokoa izango da ordain dezaketenentzat. 18 urtez azpikoentzat eta 70 urtez gorakoentzat doan izango da sarrera.