Bihar irekiko dute Itsas Zeharkaldian izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 22a, 10:15
Uztailean izango da 49. Itsas Zeharkaldia.

Getaria-Zarautz probaz gain, Zarautz-Getaria-Zarautz proba ere izango da aurtengo edizioan. Bihar irekiko dute izena emateko lehenengo epea, martxoaren 23ra arte. Epeek aurrera egin ahala, garestitu egingo dute inskripzioak egiteko kostua. Hona hemen saio bakoitzari dagokion araudia osorik.

Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkartearen eskutik, 2019ko uztailaren 20-21eko asteburuan izango da 49. Itsas Zeharkaldia. Aurtengoan, Getaria-Zarautz probaz gain, Zarautz-Getaria-Zarautz proba egiteko aukera ere izango da.

Bihar, otsailak 23, 09:00etan irekiko dute Itsas Zeharkaldian izena emateko lehenengo epea, martxoaren 23ra arte, eta https://web.rockthesport.com/login webgunea egokitu dute horretarako. Epe horretan izena ematen dutenek 30 euro ordaindu beharko dituzte Getaria-Zarautz proba egiteko, eta 50 euro Zarautz-Getaria-Zarautz proban izena emanez gero. Bi ibilbideetan parte hartu nahi dutenek, aldiz, 65 euro ordaindu beharko dituzte.

Martxoaren 24an irekiko dute inskripzioak egiteko bigarren epea, maiatzaren 31ra arte; ekainaren 1ean hirugarren epea abiatuko dute, eta uztailaren 1ean, azkena. Epeek aurrera egin ahala, izen-ematea garestituko dute.

Bestalde, Itsas Zeharkaldiaren 49. edizioaren araudia argitaratu dute dagoeneko. Hona hemen proba bakoitzari dagokion araudia osorik.