Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Badator Martxoaren 8ko greba feminista

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ots. 22a, 14:13

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista deitu du Martxoaren 8rako, Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean. Urola Kostan ekimen sorta antolatu dute dagoeneko, eta Zarautzen, otsailaren 26an emango diote hasiera egitarauari. Bestalde, herriko zenbait gizonek "zaintza sarea" ehuntzeari ekin diote, Martxoaren 8an "zaintza gune bat" sortzeko.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilean aurkeztu zuen martxoaren 8ko greba feministaren aurtengo planteamendua, Gasteizko Udaltzaingoak desalojatu berri duen Talka espazio okupatuan. Bertan, greba feminista nola ulertzen duten, aurtengo aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebaren subjektua zein izango den, greba nola egingo duten eta "planto" zerri egingo dioten azaldu zuten, besteak beste.

Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean, greba "bizitzako esparru guztietan" kokatzea da asmoa, bost ardatzen baitan: ikasketak, enplegua, kontsumoa, zaintza eta pentsioak, aurrenekoz. "Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da; soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean", azaldu dute.

Greba feministaren bidez, "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" aldarrikatuko dute. "2019ko greban, zaintzen gatazka azaleratu nahi dugu, bereziki, gure diskurtso eta ekintzetan". Beraz, "zaintzaren gatazkak" berebiziko garrantzia izango du aurtengoan.

"Feminismoa ez da erosoa, praktika politiko erradikala da": "ondorioz, gatazka beharrezkoa da, bereziki, gatazka politikotik kanpo kokatu diren eremuetan", gehitu dute. Beraz, martxoaren 8an "lan guztiak uzteko" eta "kaleak hartzeko" dei egin du Mugimendu Feministak: "hetero-patriarkatu-kolonial-kapitalistak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako".

Hona hemen Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleratutako Greba feministaren hausnarketa, antolakuntza eta komunikaziorako dossierra osorik, martxoaren 8ra begirako azalpenekin eta argibideekin.

Zarauzko egitaraua prest

Urola Kostako Koordinadora Feministak dagoeneko argitaratu du martxoaren 8ko grebari begira antolatutako ekimen sorta, herriz herri. Zarautzen otsailaren 26an emango diote hasiera egitarauari: emakumeei* zuzendutako asanblada informatiboa egingo dute Gaztelekuan, 18:00etan.

Martxoaren 1ean arratsalde osoan izango dira ekintzak, Kalea hartzera goaz! izenpean. 17:30ean asanblada irekia egingo dute Lege Zaharren enparantzan; 18:00etan, grebaren antolaketari helduko diote; eta 19:15ean, greba egunerako prestatu duten dantzaren ensaio orokorra izango da.

Bestalde, martxoaren 8ko grebarako antolatutako egitaraua ere jakinarazi du Zarauzko Koordinadora Feministak. Hona hemen osorik:

  • 10:00. Gurpil martxa, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta
  • 12:00. Ekimena eta topagunea, Lege Zaharren enparantzan
  • 14:00. Bazkari autogestionatua eta jolasak, Lege Zaharren enparantzan
  • Arratsaldean, tailerrak Lege Zaharren enparantzan: hezkuntza, indarkeria sexista eta legeak, transexualitatea eta LGTBI kolektiboak, etxeko eta zaintza lanak, prekarietatea. Haurrentzako txokoa egongo da.
  • 16:00. Eztabaida eta informazio txokoa, Lege Zaharren enparantzan
  • 18:00. Mikro irekia: gitarra, dantza, kantua, Lege Zaharren enparantzan
  • 19:00. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta

"Zaintza sarea" abian

Bestalde, martxoaren 8ko grebari begira, Zarauzko hainbat gizonek "zaintza sarea" ehuntzeko prozesua abiatu dute. Helburua martxoaren 8an Zarautzen "zaintza gune bat" sortzea da: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".

Emakumeei* beraiekin harremanetan jartzeko dei egin diete: "greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Horretarako, zaintzasareazarautz@gmail.com eposta sortu dute, emakumeek* beren izena, zaintza beharrak, ordutegia eta kontaktua helarazi ahal izateko. Bestela, martxoaren 1ean Lege Zaharren enparantzan antolatutako ekimenetan ere izena emateko aukera izango da.

Gizonei dagokienez, greba "babestu" nahi izanez gero, zaintza sarean izena emateko gonbidapena luzatu diete, eposta berdinaren bitartez: "eman izena zaintzaile gisa eta bermatu zaintza sarea". Aski izango da zaintzasarea@gmail.com helbidera izena, disponibilitatea eta kontaktua bidaltzearekin. "Ez ahaztu etxean lan guztiak egiteaz!", gaineratu dute.

Bestalde, gizonei zuzendutako ohar hauek argitaratu dituzte zaintza saretik, martxoaren 8an bete beharreko paperari buruz:

  • "Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan etab.).
  • Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
  • Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antolatu dezakezu.
  • Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
  • Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
  • Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
  • Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan etab.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeen* laguntzaile izatea.
  • Martxoaren 8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan etab. lana egiteko zure burua eskaini.
  • Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun etab.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.
  • Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
  • Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
  • Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.
  • Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko".