Lou, bizi-bizirik

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 22a, 16:39

Lou Olangua zarauztar musikaria eta hura gogoan egunotan ikusgai izango diren erakusketa eta dokumentala hizpide hartuta erreportajea osatu dute gaurko 'Gipuzkoako Hitza' egunkarian.

Oroitzen dena inoiz ez bada hiltzen, bizi-bizirik jarraitzen du Lou Olanguak. Besteak beste, Humedecidos, O.K. Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria izan zen zarauztarra; 80ko hamarkadan, punk-rock munduan emakumerik ia ibiltzen ez zen garaian oholtzara igo ziren gutxi haietako bat. 2013ko urtarrilaren 12an hil zen, 52 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz. Heriotzak ez du eten, ordea, haren ibilbidea. Izan ere, Marivi Ibarrola kazetari eta argazkilariaren argazkiekin osatutako Lou y el korral de la costa erakusketa gaurtik ikusgai izango da Zarauzko Ispilu Arte galerian, eta Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala emango dute bihar, 20:00etan, Zarauzko Modelo aretoan.

Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio zarauztarrek ekoitzi dute Lou Olangua abeslariari buruzko ikus-entzunezko lana. Duela pare bat urte otu zitzaien. “Guk ez genuen ezagutzen Lou. Uxuk [Usuak] ezagutzen zuen pixka bat, bere gurasoen laguna zelako, baina gutxi”, azaldu du Barriok. “Kontua da, orain dela bi urte, Arraio Irratiaren 11. urteurrenaren harira, jaialdi bat antolatu zutela Xabier Laskibar Tximas-en omenez. Tximas O.K. Korraleko bateria jotzailea izan zen taldearen azken urteetan. Bideo txiki bat egin genuen orduan; emaitza gustatu zitzaigun, eta Lourekin ere antzeko zerbait egitea polita izango zela pentsatu genuen, mamia bazuelako”.

Halaxe, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak arte sorkuntzarako ematen duen Daniel Txopitea bekara aurkeztu zuten proiektua, eta baita irabazi ere. Urte eta erdiz landu dute dokumentala. “Materiala bildu, elkarrizketak egin… lan handia izan da, baina baita oso polita eta aberasgarria ere”, Barrioren esanetan. Edukietan sakondu gabe, adierazi du Louren bizitza dela dokumentalaren ardatza, eta haren bidez errepasoa egiten zaiola 80ko hamarkadari, “baina ohikoa ez den ikuspuntu batetik, beste begi batzuetatik”. Dokumentalean jorratu dituzten gaietako batzuk dira emakumeek agertokietan hartu zuten lekua, euskaraz abesteko erabakia, eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantzia.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.