'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentala emango dute Modelon

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 23a, 09:00

Arkamurka natura elkartearen 50. urteurrena da aurten eta, horren harira, egitarau berezia prestatu dute. Besteak beste, naturari buruzko dokumentalak eskainiko dituzte Modelon.

Naturari buruzko dokumental sorta eskainiko du Arkamurkak otsailetik irailera bitartean. Hilero dokumental bat ikusteko aukera izango da Modelon, eta ostean, solasaldia izango da. Horretarako, dokumentalaren egileak edo dokumentalak lantzen duen gaiaren inguruko adituak gonbidatuko dituzte kontserbazioaren inguruko eztabaidak sustatzeko. "Naturaz gozatu eta egun natur kontserbazioak dituen erronkez aritu nahi dugu, plaza zabalean, adituen eta herritarren arteko parte-hartzearekin", azaldu dute antolatzaileek.

Lehen dokumentala datorren asteartean eskainiko dute: Aralar, mundua leku den lurra. Dokumentalaren zuzendariak eta Landarlan ingurumen taldeko kideak gonbidatu dituzte emanaldiaren ondorengo solasaldirako. Aralarko parke naturalean artzantza/abeltzaintzaren eta natur kontserbazioaren artean dagoen gatazka plazaratu nahi du Arkamurkak. Ikusleek Aralarko aran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak ezagutzeko aukera izango dute.