Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

'Loreak' lana garaile Martxoaren 8ko kartel lehiaketan

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 25a, 13:30

Iban Illarramendik irabazi du epaimahaiaren saria. Esther Avilak, aldiz, herritarren saria eskuratu du Prest gaude lanarekin. Gaur izan da sari banaketa, eta 18:00etan inauguratuko dute lehiaketara aurkeztu dituzten kartel guztiak biltzen dituen erakusketa, Torre Luzean.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak aurten ere antolatu du Martxoaren 8ari begirako kartel lehiaketa, 11. aldiz. Iban Illarramendi zarauztarrak irabazi du epaimahaiaren saria, Loreak lanarekin. Maider Bilbatuaren Marea Morea kartelak eta Irene Gutierrezen Olatu Moreak epaimahaiaren aipamen berezia lortu dute. Herritarren saria, berriz, Esther Avilaren Prest gaude lanarentzat izan da.

Gaur, astelehena, sari banaketa izan da Torre Luzean. Illarramendik 400 euroko saria eskuratu du, eta Avilak, 200 eurokoa. Bestalde, gaur inauguratuko dute lehiaketara aurkeztu dituzten 21 lanak biltzen dituen erakusketa, 18:00etan Torre Luzean. Martxoaren 17ra arte izango da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.