Ekintzaileentzako dirulaguntzak eskatzeko epea itxiko dute bihar

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 26a, 13:30

Lanbideko ekintzaileei zuzendutako programaren bidez, "enpresa ideiak lantzeko eta enpresa berriak sortzeko" tutoretza saioak eskainiko ditu Lanbidek, UKUEren laguntzarekin. Bestalde, bi dirulaguntza mota ere izango dira. Bihar izango da proiektuak aurkezteko eta laguntzak eskatzeko azken eguna.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzaileei zuzendutako programa jarri dute martxan, "beren enpresa ideiak lantzeko" eta "enpresa berriak sortzeko" prozesua sustatzeko. Horretarako, "taldeko saioak" eta "bakarkako tutoretzak" eskainiko dituzte, hiru hilabetez.

Bestalde, bi dirulaguntza mota jasotzeko aukera ere emango dute. Alde batetik, "enpresa ideia aztertzeko sustatzaileei" zuzendutako dirulaguntzak izango dira, gehienez 1.000 eurokoak sustatzaile bakoitzeko. Eskabidea egiterako orduan 18 urtetik gora eta 30 urtetik behera izanez gero, edo emakumea izanez gero, %15 igoko dute dirulaguntzaren zenbatekoa. Bestetik, "enpresa berria sortzeko eta alta emateko" dirulaguntzak eskainiko dituzte, gehienez 1.500 eurokoak. Aipatutako bi baldintza edo faktoreen arabera igoko dute laguntzaren zenbatekoa modalitate horretan ere.

"Enpresa jarduera berriak" eta "enpresa ideia berriak" aurkezteko eta dirulaguntzak eskatzeko epea itxiko dute bihar, asteazkena, 12:00etan. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian aurkeztu behar dira proiektu guztiak. Eskaera orria Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean (www.urolakosta.eus) jarri dute eskuragai.

Dirulaguntzaren eskaera egiteko, zenbait baldintza jarri dituzte:

  • Eskualdean erroldatua egotea
  • Aurreko urtean IAEn altan emanda ez egotea
  • Langabezian inskribatuta egotea
  • Aurreko urtetan gai bererako diru-laguntzarik ez jaso izana
  • Esklusiboki (edo %30eko lanaldi baina gutxiagoa izatea) prozesuan egotea