Kilometroak 2019

Larraitz Ariznabarreta: "Ikastola zertarako den jakiteko zenbait galdera erantzun behar dira"

Larraitz Ariznabarreta: "Ikastola zertarako den jakiteko zenbait galdera erantzun behar dira"

Kilometroak proiektuaren barruan antolatutako 'Ikastola, zergatik eta zertarako?’ mahai inguruan ariko da hizlari Ariznabarreta, Idurre Eskisabelekin eta Edu Apodakarekin. Ostegunean, 18:30ean, Aritzbataldeko bilera gelan.

Zergatik jarraitzen du gaurkotasuna edukitzen gai honek?
Ikastola ez delako, nire ustez behintzat, helburu bat bere baitan. Ez da oasi bat. Euskal Herritarrek sortutako erakunde bat dira Ikastolak. Bere garaian galdera batzuei erantzuteko sortu ziren, nahi bada, erresistentziatik; zentzu horretan herri honen isla dira. Beraz, herri honetan ematen diren eztabaida ideologikoetan ere txertatzen dira.

Horregatik, Ikastolak zertarako diren galdetzen dugunean, harago doazen galdera batzuk erantzun behar dira, ez hainbeste historikoak. Iruditzen zait, Ikastolak utzi egin beharko liokela hausnarketa historikoak aldarrikatzeari, nahiz eta oso garrantzitsua izan. Uste dudana da galdera garaikideei erantzun beharko liekela. Galdera horiei ematen diegun erantzunaren araberakoa izango da Ikastolak zergatik eta zertarako behar ditugun.

Zeintzuk dira galdera horiek?
Esate baterako, ea herri normalizatu bat garen; autonomismoak gure herria normalizatu duen;  ea badaukagun aukera estrukturalik gure inguruko kultura handiei eta globalizazioari aurrez aurre begiratzeko gure kultura bermatuz;  ea gure hizkuntza normalizatuta dagoen; ea etorkizunera begira gure erakundeek eta administrazioak nahikoa berme ematen duten euskara etorkizunera eramateko, ez euskara herren bat, maila guztietarako balio duena baizik.

Galdera horiek erantzun beharko genituzke erantzuteko Ikastola zertarako den. Erantzuna baiezkoa bada, agian, ikastolek ez lukete zentzurik edukiko gaur egun, baina bakoitzari dagokio hori erantzutea. Badakigu Ikastola sortu zela galdera horiei ezezko erantzuna ematen zitzaielako. Gaur egun ere galdera horiei erantzutea herritarroi dagokigula uste dut, eta erantzunak ezezkoa izaten jarraitzen badu, esan nahi du oraindik herri mugimenduak zeresana baduela gure erakundetze horretan.

Ideologikoki posizionatuegi egotea egotzi izan zaio Ikastolari askotan.
Hezkuntza mundua ideologiaz eta balioz beteta dago. Neutraltasun ideologikoa ezin da aldarrikatu, eta horrela jokatzen dugunean ideologia nagusiaren alde egiten dugu. Hezkuntza politika batek ideologia horiek azaleratu beharko lituzke.

Horrez gain, elitista izatea ere egotzi izan zaio Ikastolari azkenaldian.
Niri iruditzen zait hori jarrera interesatua dela. Ikastolak herriak sortutako erakundeak dira, eta herriak lehen aipatu ditudan galderei ezezko erantzuna ematen zielako sortu ziren. Ez hainbeste kalitatearen izenean, nahiz eta hori ere garrantzitsua izan. Galdera horiei erantzun positibo bat eman nahian sortu ziren ikastolak. Gure mundu ikuskera, gure kultura, gure balioak, gure hizkuntza... bermatzeko. Inork oraindik galdera horiei ezezko erantzuna ematen badie, iruditzen zait oraindik behar ditugula herritik sortutako erakundeak.

Hizkuntza indartu nahi horretan, kanpotik Euskal Herrira etortzen direnak euskalduntzetik urrun  geratze ote diren ere esan ohi da.
Era praktiko batean, iruditzen zait euskara dela daukagun tresnarik integratzaileena. Azken asteetan egokitu zait Hezkuntza fakultateko nire ikasleen praktika saioak behatzera joatea, eta ikusi dut esaten dena ez dela hala. Nahiz eta oso hedatuta egon ikastoletara etorkin gutxi sartzen dela, ikusi dut Arrasateko Haur Hezkuntzako ikastola batean gehienak etorkinak direla eta lan zoragarria egiten ari dira beraiekin; ongietorria emateko, integratzeko eta herritar oso bihurtzeko. Oso hedatuta dago beste pentsamendu hori, baina nik neure begiekin ikusi dudana bestelakoa da.

Erlazionatuak

'Ikastola: zergatik eta zertarako' mahai ingurua antolatu dute

Zarautz

Larraitz Ariznabarreta Zarauzko ikastolako lehendakari ohiak eta Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabel EHUko irakasleek hartuko dute parte saio...