Asti Txiki belar artifizialezko zelaian harmaila estalia eraiki dute, eta asteburu honetarako prest egongo da. 221.943 euroko aurrekontua izan dute lanek, eta Campezo Obras y Servicios enpresak egin ditu.
Asti Txiki zelaia da kirolguneko erabiliena, eta orain arte bertako ikusleek ez dute inolako babeslekurik izan. Hori dela eta, harmaila berria eta jokalarientzako aulki berriak jarri dituzte zelaiaren beste aldean, harmailari begira. Harmaila berria gainontzekoak baino txikiagoa da, eta besteen antzeko itxura du.
Horrez gain, Iban San Martin Kirol zinegotziak aurreratu du udaran Asti Txikiko belar artifiziala aldatzea dela beraien asmoa. Futbol denboraldia amaitzean, ekainean, hastea da asmoa.
Asti handitzeko proiektua
Asti Txikiko harmailak inauguratzearekin batera, esku artean darabilen proiektu berria aurkeztu zuen Xabier Txurruka alkateak agerraldian. Hain zuzen ere, atletismo pista berria, beste futbol zelai bat eta padel pista estaliak egitea da asmoa, Zarautzen "behar bezalako atletismoko instalakuntzen beharrari erantzuteko", azaldu du Txurrukak. Asti kirolguneak egun 36.000 metro karratu inguruko azalera du, eta obra berriekin, 25.000 metro karratu gehiago izango lituzke. Berritze lanak kirolgunearen ekialdean egitea da asmoa, Sakoneta baserri aldera.
Udalak eta arkitekto taldeak elkarlanean landutako proposamenak 400 metroko eta zortzi kaleko atletismo pista jartzea aurreiksten du eta, honen erdian, belar artifizialezko zelai berri bat. Gainera, ipar-ekialdean eraikin berri bat eraikitzea aurreikusten dute, instalazio berriak haize eta euriaz babesteaz gain, harmaila estali bat, aldagelak eta bestelako kirol erabileretarako espazioak hartuko dituena.