Musika Eskolaren eraikina erosteko akordiora iritsi dira udala eta San Vicente de Pauleko Karitatearen Alaben konpainia

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 4a, 16:34
Musika Eskolako arduradunak, Nekane Iribar kultura zinegotzia, Xabier Txurruka alkatea eta San Vicente de Pauleko ahizpak izan dira agerraldian. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Udala akordio batera iritsi da San Vicente de Pauleko Karitatearen Alaben konpainiarekin, egun Musika Eskola kokatuta dagoen eraikina erosteko. 2013an doantzan utzi zioten udalari ahizpek eraikina, eta harrezkero Musika Eskola moduan erabili dute.

Udalak erosi duen partzelak 1.084 metro karratu inguru ditu, eta eraikinak hiru solairu izanik, guztira, 1.762 metro karratu erabilgarri ditu eremuak. Akordioaren arabera, 1.498.000 euroan erosiko du udalak eraikina. Musika Eskolako arduraduna den Iosu Isastik "gustura" daudela azaldu du. "Azken urteetako ametsa izan da musika eskola. Duela bost urte gauzatu zen amets hura, eta harrezkero oso gustura gaude. Ahizpekin daukagun harremana ere oso ona eta erraza da". Egun, 350 ikasle inguru joaten dira musika eskolara.

Xabier Txurrukak aurreratu duenez, musika eskolaz gain, bestelako kultur jardunetarako ere egokia izan daiteke behin Maria Inmaculada ikastetxea izandako eraikina.