Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Miren Etxabe Aldai: ‘Lau Uxo’-ren hegaldi etena

Galder Unzalu Etxabe 2019ko mar. 5a, 08:30

Gaur 106 urte bete dira Miren Etxabe Aldai kultur ekintzaile zarauztarra jaio zela. Galder Unzaluk, Etxaberen senideak, ondoko iritzi artikulua bidali dio HITZAri bere birramonaren bizipenak ekarriz.

Gaur dela 88 urte, 1931ko martxoaren 5ean, antzerki saio batean gertatutakoak gogora zekartzan Lau Uxo ezizeneko iritzi-emaileak Donostiako El Dia egunkariko Euskal Orria-n, Gor ez diranak, entzun bezate izenburuaz. Bertan, bederatzi gizonezko aktore eta emakumezko aktore bakarra. Azken horrek testua ikasia bai, baina, entsaioetara gonbidatu ez zutenez, pertsonaiak identifikatzeko gai ez eta nahastu omen zen. Eta ikusleen artean iskanbila sortu.

Hau zen Lau Uxoren gogoeta: "Norena zen errua? (…) Bederatzi haiei irakasten jardun zenak lan gutxiago hartuko zukien beste bakarrari irakasten jardun izan balitz, porru hobea atera ere bai".

Handik bost egunera, martxoaren 10ean, plaza berean agertzen zaizkigu Lau Uxoren hitzak. Kasu honetan, emakumeen espazio propio bat aldarrikatuz: "Bordatxo bat behar dugu emakumeentzat (…) hitzaldi, antzerki eta abar izango dira bertan, emakumezkoentzat bakarrik ordea (…) txandan txandan bakoitzak zer daukan erakutsiko du, horrela ikusiko duzue ez dela inorren barregarria izango Bordatxo hartako artaldea".

Artikulu berean, emakumeek zituzten espazio gabeziak eta markatze-estigmatizazioak aipatu zituen: "Negu beltza aurtengoa, ateraldi gutxikoa. Non sartu euri zaparrak erasotzean? (…) dantzan egiten duenari... daaa... behatzarekin; kontuz zinera joan!"

Nor zen, bada, Lau Uxo hura? Zarauztar bat. Gaur 106 urte Kale Nagusia 16an jaio zen Miren Etxabe Aldai –han bertan hil zen 1993an–. Hala identifikatu zuten 1930eko abuztuaren 30eko El Dia-n, Zarautzen ospatutako Andereño Idazleen I. Batzarrean elkartutakoen argazkian.

Izen-abizenez, Etxabe aski ezaguna zen ordurako.1924ko lehen Euskal Jaien animatzaile taldean aritua, Juventud aldizkariaren saria jaso zuen 1929an Itziarko Ama antzezlanarekin (Salvador Arriolaren La Virgen de las Angustias lanaren itzulpena zen). Lan hori Azpeitian estreinatu zuten gero, irailaren 7an. 1930ean, apirilaren 27an, Zorionaren iturria gizonak non du? hitzaldia eman zuen Donostiako Novedades antzokian, Euskal Esnalearen eskutik; uztailean, sarrerako hitzaldia eman zuen Euskaltzaleak taldeak Viktoria Eugenia antzokian antolatutako Homenaje de la Mujer al Euskara ekitaldian, Telesforo Monzonen agur hitzen ondoren; handik gutxira, abuztuaren 24an, Zarautzen elkartu ziren hamabi emakume aipatu Andereño Idazleen I. Batzarrean. Garai horretan hasi zen emakumeak kulturan eta politikan adoretzeko lanetan. Konpromiso horrek han-hemen mitinak ematera eta ardurak hartzera eraman zuen: horrela, 1933 eta 1934an EAB Emakume Abertzaleen Batza erakundeko Zarauzko buru eta Batzokiko sortzaileen artean emakume bakarra izan zen.

Zuzendari aritu zen Zarauzko Naste Borraste antzerki taldeak 1931ko martxoaren 4an Kursaalen estreinatu zuen antzezlanean, Nikola Mujika (margolaria) eta Endika Gonzalez Arroitajauregirekin (udal bandako zuzendaria) batera. Basarrik kantatu zuen antzezlanean, eta bertso saio hori hartu ohi da I. Bertsolari Txapelketa antolatzeko erabakiaren iturritzat. Bertsozalea zen Etxabe, zalantzarik gabe, eta horren lekuko dira bere artikulu eta hitzaldietan barreiatuta utzi zituen bertso-idatziak.

Euskararen eta abertzaletasunaren aldeko mezu argiaz gain, konpondu gabeko tentsio bat ageri da haren testuetan. Emakumeen berdintasuna eta eskubideak aldarrikatu zituen zuzenean, batzuetan gordin; baina orduan nagusi zen –eta berea ere bazen– pentsamendu katolikoak ekarritako ikuspegiekin talkarik ez egiteko asmoa ere adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, bere bizitzan eta praktikan gainditu egin zuen ikuspegi tradizionala.
Gerra etorri zen, eta lehendabizi Bilbora ihes, gero Laredora, eta handik Iparraldera erbesteratu zen.

Bere aurpegi publikoa alboratu eta Eusko Jaurlaritzako kideen zerbitzura sukaldari lanetan aritu zen. Juanita ahizpa ere kide izan zuen lan horietan. Nolanahi ere, kulturgintzak emango zion beste aukerarik. Jaurlaritzak Europan zehar Euskal Herriaren aldeko propaganda egiteko sortu zuen Eresoinka abesbatzan irrintzilari jardun eta kontraltoekin kantatzeko aukera izan zuen. Han ezagutu zuen bere bizitzan garrantzi handia hartuko zuen pertsona: Aurora Abasolo sopranoa (parke bati haren izena eman diote berriki Durangon). Elkarrekin bizi izan zuten erbestearen amaiera eta Euskal Herriratzea, Miren bera Bilbora garai batez bizitzera joateraino, eta hiltzean, Etxabe-Aldai Xalesenekoen familiaren hilobian lurperatu zuten Aurora, Zarautzen.

Erbestetik Zarautzera bueltan, aita gerrako nahigabeak eta jasotako isun ekonomiko basatiak gaixotuta hil zenez, familiak Kale Nagusian zuen dendako lanetara itzuli zen Miren, Karmen eta Juanita ahizpekin batera. Baita errepresioak bermatutako isiltasun politiko eta kulturalera ere. II. Mundu Gerrako iheslariei ere laguntzen aritu ziren hiru ahizpok, hala ere.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolaren lehen bi andereño kontratatuek behar izan zuten laguntzaz horrela dio Sabin Unzurrunzagak Zarauzko Ikastolak 25 urte liburuan: "Herriko emakume abertzale bat ere, Maria Sales, prestatu zen laguntza eskeiniaz, eta batere kobratu gabe".

Miren Etxaberen jardun publikoaren azken testigantza Xabier Etxabek argitaratu zuen, 2005eko irailaren 2ko Txaparro aldizkarian. 2017an, Zarauzko gutunak liburuan agertu zen haren ibileren berri, Miren Etxaberen iloba Karmelek –neure amak– gorde duen familiaren memoriari esker.