Igandeko Lilatoirako Kilometroak Taldea osatu dute dagoeneko

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 6a, 14:20

Kilometroak Taldean izena eman dutenak 09:45ean elkartuko dira Bulebarreko kioskoan, lasterketa elkarrekin egiteko.

Igande honetan, martxoak 10, izango da Lilatoiaren 30. edizioa, Donostian. Lasterketarako Kilometroak Taldea osatzeko deia egin zuten Kilometroen antolatzaileek: "2019ko Kilometroen lan-ildoetako bat feminismoa izanik, berdintasunaren aldeko emakumeen lasterketa herrikoi honetan parte hartu nahi dugu".

Taldea osatzea lortu dute dagoeneko, eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete bertan izena eman duten guztiei. Donostiako Bulebarrean emango diote hasiera ibilbideari, 10:30ean. Kilometroak Taldean izena eman dutenak 09:45ean elkartuko dira Bulebarreko kioskoan, lasterketa elkarrekin egiteko.

Bestalde, ikusleei ere bertaratzeko dei egin diete taldetik: "animatzera zatoztenak ere hurbildu ordu berean kioskora, denon indarrarekin ederragoa izango da".