Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Emakume anonimo horiek

Onintza Lete Arrieta 2019ko mar. 7a, 10:38
Raquel Batista. (O. Lete Arrieta)

Raquel Batistak ez du aldarrikapenik egingo bihar. Seme-alabengatik egunero borrokatzen da, eta ez du kalera irteteko beharrik sentitu. Injustiziak salatzea ondo deritzo, ordea, eta "injustizia asko dago", azpimarratu du.

Demagun egindako merituengatik gonbidapenak banatzen dituztela, biharko greba feministan lehen ilaran kokatzeko. Omenaldi xume bat jasotzeko. Aitortza bat. Txalo batzuk.

Bada, ilara horretako ehunka emakume anonimo horien artean legoke Raquel Batista (Dominikar Errepublika, 1969). "Nolakoa den nire egun normal bat? Goiz esnatzen naiz, bazkaria eginda utzi eta semea eskolara eramateko. Amari ere bere gauzak prest uzten dizkiot. Ondoren, korrika lanera, eta berriz korrika eskolara semearen bila. Bostetan edo seietan esertzen naiz hogei bat minutuz, jateko, eta gehiago ez naiz gelditzen oheratu arte. Gauerdia edo izaten da".

1998an iritsi zen Euskal Herrira, sorterrian hiru urteko seme bat utzita. Adineko emakume bat zaintzen aritu zen aurrena, interna gisara. Kontratuarekin. Ondoren, adineko gehiago zaindu izan ditu, eta azken urteetan ostalaritzan dabil lanean, logelak garbitzen eta prestatzen. Kanpoko lan horiek prekarizatuta daude oro har, emakumeak dira nagusi sektore horietan, eta horri gehitu behar zaio etxeko lana eta ardurak. Izan ere, Batistak hiru seme-alaba hazi ditu "bakar-bakarrik". 23, 18 eta 10 urte dituzte gaur egun, eta "pozik" da, aurrera egin ahal izan duelako "inoren laguntzarik gabe". Ama berarekin bizi du, baina 80ra bidean doa, eta hark ere bere beharrak ditu.  

Batistak ez du grebarik egingo bihar; "oporrak ditut eta medikura noa", baina ondo deritzo emakumeak kalera ateratzeari euren eskubideak aldarrikatzeko. "Neuri ez zait tokatu, baina ezagutzen dut jendea interna, jaiegunik gabe, eta 600-700 euro irabazten. Ez dago horretarako eskubiderik", azpimarratu du. "Hori egiten duena ari da aurrezten dirua, beste baten bizkar. Aberatsa aberatsago eta pobrea pobreago, ez zait bidezkoa iruditzen".

Batistak "oso gogor" egin du lan beti, baina ez da askorik kexatzen. "Bizitza hau tokatu zait, eta aurrera egin behar da. Batzuetan lankideak aritzen dira kexatzen, nekatuta daudela esanez, eta halakoetan isilik begiratzen diet, eta barrutik pentsatzen dut beraiek ez dakitela zer den lan gogorra, zeren eta agian niri zortzi edo hamar ordu lan egitea tokatzen baitzait", iritzi dio. Gainera, lantokiko lanari etxekoa gehitu behar, eta horri beste hainbat ardura. "Ostalaritza gogorra da, eta logeletakoa, are gogorragoa, batik bat uda partean. Baina gustura nagoela esan daiteke, hau guztia seme-alabengatik egiten dudalako".

Bestalde, uste du garai batetik hona gehiago baloratzen direla ostalaritzan eta zaintzan dabiltzan langileak, "baina toki guztietan bezala, denetarik dago, pertsona onak eta txarrak, malguagoak eta zorrotzagoak".

Esaterako, Batistari egokitu zitzaion oso malgua ez zen nagusia, interna gisara lan egin zuen garaietan. "Ileapaintzaile ikasketak egin nahi izan nituen, baina horretarako bi orduz atera behar nintzen interna nengoen etxetik, eta nagusiek ez zidaten baimenik eman horretarako, ukatu egin zidaten aukera hori".

Gauza guztietan zailena

Batistak bazuen lana Dominikar Errepublikan. Urte askoan aritu zen ehungintza enpresa batean, eta Euskal Herrira etorri zenean ikasten ere ari zen Zuzenbideko karrera. Hiru urteko semea utzita etorri zen. "Harentzat etorkizun hobea nahi nuelako etorri nintzen, bestela ziurrenez hantxe geldituko bainintzen eguzki epeletan", azaldu du irrifartsu.

Bost urterako utzi zuen sorterria, baina hogei daramatza. "Planak ez dira beti nahi bezala ateratzen", azaldu du. "Aurreztea oso zaila da hemen. Interna zaudenean soldata osoa zuretzat da. Asko edo gutxi izango da, baina zuretzat. Familia bat duzunean, ordea, eta etxe bat ordaindu beharra, oso gogorra da".

Emakume indartsua da Batista: "Gure anai batek beti dio ez dela inoiz atzera egin behar, ezta inpultsoa hartzeko ere, beti aurrera egin behar dela. Horrelaxe pentsatzen dut nik ere". Azaldu du zailtasunei aurre egiteko asko jarri duela bere partetik, eta hori dela gakoa, "depresioan ez erortzeko". Noizbehinka herrimina sentitzen baitu. "Sustraiak sustraiak dira, eta batzuetan pentsatzen dut egunen batean hara itzuliko naizela". Faltan botatzen ditu klima eta jendearen umore ona bereziki.

Unerik gogorrenak, ordea, familiarekin lotutakoak oroitzen ditu. "Semea Dominikar Errepublikan uztea oso gogorra izan zen. Egunero-egunero deitzen nion, eta urtebete egin aurretik hara bueltatu behar izan nuen, ezin nuelako gehiago jasan. Ez dakit nola lortzen duten beste ama batzuek hainbeste denbora bananduta egotea; nik ezin dut", aitortu du. Zazpi urterekin ekarri zuen semea Zarautzera, baita bere ama ere.

Distantziak ematen dio min bestelako egoera zail batzuetan ere. "Aitona hil zitzaidan, amona ere bai, eta izeko, eta iaz beste izeko bat. Eta ni hemen. Gogorra da oso. Orain gutxi izan naiz bisitan sorterrian, eta une hunkigarriak bizi izan ditugu", kontatu du.

Egunean egunekoa begiratu nahi du Batistak, baina egindako bideaz harro nabari zaio, irabazi dituen borrokez jakitun bezala. Emakume ahaldunduen gisan.