Eneko Iriartek irabazi du Gazteen Ideia Lehiaketa

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 7a, 17:03
Eneko Iriarte saritua, Jon Andoni Urdangarin Gazteria zinegotzia eta Idurre Zendoia eta Manuela Rodriguez epaimahaikideak. (Zarauzko Udala)

Birbotil proiektuarekin irabazi du Eneko Iriartek gazteen lehen ideia lehiaketa. "Birziklatzea sustatzea" da proiektuaren asmoa

Eneko Iriarteri eman dio Zarauzko Udaleko Gazteria Sailak Gazteen Ideia Lehiaketako lehen saria, Birbotil proiektuagatik.

Epaimahaiak proiektu hori saritzeko ondokoak hartu zituen kontuan: "ideia berritzailea izatea, herritar guztientzat onuragarria eta birziklatzea sustatuko duena". Epaimahaikideak Manuela Rodriguez, Eneritz Zendoia eta Lara Asensio izan dira.

Iriartek azaldu duenez, Birbotil plastikozko eta metalezko ontziak jasotzeko makina bat da. "Asmoa da Zarauzko gune batean jartzea ontziak jasotzeko makina hori (kiroldegian, merkatu plazan...), eta jasotzen duen ale bakoitzeko zentimo batzuk edo bono bat ematea trukean. Modu horretan, hondakinak bereizteko jarrera indartuko dela uste dugu, batez ere, gazteen artean".

 Udalaren asmoa, Gazteen Ideia Lehiaketa bigarren aldiz egitea da, datorren irailean.