Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Goiz parteko balorazioa, positiboa

Onintza Lete Arrieta 2019ko mar. 8a, 15:56

Ehunka herritar elkartu dira goizeko bizikleta martxan eta udaletxe aurreko eguerdiko ekitaldian. Zenbait saltoki eta gune ere itxita daude, greba feministarekin bat eginez. Lehen balorazioa "positiboa" da, baina arratsalderako jende gehiago espero dute.

Egunaren lehen balorazioa egin dio HITZAri Zarauzko koordinadora feministak. “Positiboa” izaten ari da jarraipena: “Goizean bizikleta martxa hastearekin batera euria hasi da baina aurrera egin dugu eta jende pila batek hartu du parte. Eguerdiko ekitaldian ere jendetza elkartu da, eta iazko kopuru antzekoetan gabiltza, 1.000 herritar inguru”.

“Oraingoz giroa zoragarria da eta jende mordoa ari da etortzen”. Dena den, arratsalderako jende gehiago animatzea espero dute.

Bestalde, jakinarazi dute herriko hainbat gune eta saltoki itxita daudela gaur. Esaterako, kiroldegia eta Eroski handia. AEK ere itxita dago.

Arratsaldean, tailerrak Lege Zaharren enparantzan: hezkuntza, indarkeria sexista eta legeak, transexualitatea eta LGTBI kolektiboak, etxeko eta zaintza lanak, prekarietatea.

16:00. Eztabaida eta informazio txokoa, Lege Zaharren enparantzan

18:00. Mikro irekia: gitarra, dantza, kantua, Lege Zaharren enparantzan

19:00. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik hasita