Zarauzko Udalak lehengo astean jakinarazi zuen Astiko kirolgunean atletismoko pista berria, beste futbol zelai bat eta padel pista estaliak egiteko duen asmoa. 25.000 metro koadro gehiago izango lituzke kirolguneak hau burutuz gero.
Proiektu honen "kutsu elektoralaz" gain, herrian "obrak eta etorkizunerako proiektuak" geroz eta gehiago direla azaldu du Arkamurkak, adibide moduan Eguzki-Izarreko etxegintza plana jarriz.
Astiko kirolguneari buruzko proiektuaren berri prentsaren bidez izan zuen Arkamurkak. azaldu dutenez, "elkarteak urteak daramatza Astiko kirolgunearen inguruko ideiak eta irizpideak ematen bai herritarrei, baita udalari ere". Hori dela eta, "lotsagarria" iruditu zaie proiektuaren inguruko ezer ez esatea lehenago Arkamurkari.
"Ondo daki Arkamurka elkarteak udalak ez duela zertan egin Arkamurkak pentsatzen duena, baina gizalegea dela uste dugu herrian eremu horretaz hainbeste arduratu den elkarteari gutxienez aurrez bere asmoen berri ematea".
Izan ere, Arkamurka ez dator bat kirolgunean egin asmo duten proiektuarekin. Beren iritziz, kirolgunea ez den gainerako eremua nekazaritzarako izendatu eta gorde beharko litzateke. "Eremu hori nekazaritzarako erreserbatuz lortzen da nekazaritzako lur bat izendatzea herrirako nekazari-gaiak sortzeko. Lur horien kudeaketan udalak parte hartu beharko luke, hain zaila den nekazaritzako belaunaldien txandaketa gerta dadin herrian".Autopistatik iparraldera dagoen Astiko beste eremua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu nahi du udalak, Arkamurkaren pozerako. Dena den, autopistaren bi aldeak ekologikoki erabat loturik ikusten ditu Arkamurkak, "kirolgunearen inguruko zelaiak neguko hegazti askoren pausaleku" direlako, eta "soro tarteetako erretenak ur-landare eta anfibio mota askoren bizitoki".
Horrenbestez, Arkamurkak ez du begi onez ikusten eremu hori apurka-apurka "urbanizatzen eta okupatzen" joatea, "bailara osoko planteamendua egin gabe".