Pagoeta Mendi Lasterketan izena emateko epea zabalik dago

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 11a, 09:58
Orain bi urteko lasterketaren une bat

Apirilaren 28an egingo dute urteroko mendi lasterketa, eta antolatzaileak gustura dira orain arte izena emanda duten korrikalari kopuruarekin. Aurtengo lasterketa Kilometroak 2019 jaiaren barruan txertatu dute.

Hamaseigarrenez egingo dute Pagoeta Mendi Lasterketa. Apirilaren 28an jokatuko da, eta ohi bezala, bi distantzia izango dituzte aukeran korrikalariek. Lasterketa nagusiak 21 kilometro ditu, eta mistoak, berriz, 8.

Azaldu dutenez, "erritmo onean" ari dira dortsalak banatzen, eta uste dute agortzeko  arriskua dagoela. Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta parte hartu nahi duenak www.rockthesport.com webgunera jo behar du. 21 euro kostako da lasterketa nagusian parte hartzea, eta 20 euro, ibilbide mistoan aritzea (bikoteko prezioa).

Bestalde, gogorarazi dute parte hartzaile bakoitzak kamiseta bana jasoko duela, baita lasterketako babesleen produktuekin osatutako poltsa bat ere (tartean Izeta sagardoa eta Ameztoi jakiak).

Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatzen du lasterketa, eta aurtengoa Kilometroak 2019 jaiaren barruan txertatu dute.

Ibilbideak

Bi ibilbide izango dituzte aukeran aurten ere, eta honela deskribatu ditu antolakuntzak:

  • Ibilbide nagusia 21 kilometrokoa izango da, eta Pagoeta Kontserbazio Bereziko Eremutik igaroko da, hain zuzen ere 7. eta 16. Kilometroen artean. Tarte horretan aurkitzen dira hain zuzen ere Pagoetako gurutzea eta Murukil tontorra, lasterketako punturik garaienak. Teknikoki ez da zailtasun handiko ibilbidea, baina distantzia kontuan hartuta, gomendagarria da gutxieneko prestakuntza fisiko bat, lasterketa amaitu nahi bada.
  • Ibilbide mistoa, 8 kilometrokoa, emakumezko batez eta gizonezko batez osaturiko bikoteetan egin beharko da. Ibilbide erraza da orohar, eta aldi berean gozagarria, hainbat basogune eta erreka igarotzen direlarik. Mendiko lasterketetan hasi nahi dutenentzako erabat gomendagarria.