"Pauso bat aurrera eman da"

Martxoaren 8an greba feministarekin bat egin zuten Urola Kostako ehunka eta ehunka emakumek. Herriz herri emakumeen aldarriek hartu zituzten plazak eta kaleak.

Martxoaren 8an, greba feministarekin bat eginez, eskualdeko herri gehienetako kaleak emakumeek egindako ekintzaz eta aldarriz bete ziren. Euskal Herriko mugimendu feministak atzo Donostian egindako balorazioan hala adierazi zuen, “Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez”. Grebak jarraipen masiboa izan zuela adierazi dute, eta zenbaezina dela. “Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman du gure aldarrikapenak, oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako”, adierazi dute mugimendu feministako ordezkariek.

Greba feministaren bost ardatzak aztertu dituzte: zaintza, kontsumoa, pentsionistak, ikasleak eta soldatapeko lana. Guztietan kontuan hartzeko moduko lorpenak badirela uste dute. Borrokan segitzea ezinbestekoa dela esan dute, ordea. “Urrats handia egin dugu, baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu”, adierazi dute. “Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin bukatzea ere”.

Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dute, eta tokian-tokian egin dituzte askotariko aldarrikapenak. Jendetza batu zen Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan, Orion eta Zumaian egin ziren manifestazio, kalejira eta elkarretaratzeetan. Hala, tokian tokiko eragile eta talde feministek greba feministaren balorazio positiboa egin dute.

Orioko Xaltxerak talde feministako kideak “oso gustura” daude Martxoaren 8ko greba feministaren harira Orion sortutako mugimenduarekin. Bi alderdi nabarmendu ditu Xaltxerakek. “Aurten, lehen aldiz Martxoaren 8ko ekintzak batzar irekietan antolatu ditugu, eta orain arte herriko mugimendu feministan parte hartu ez duten emakumeak bertaratu dira”. Martxoaren 8rako antolatutako ekintzek “erantzun bikaina” izan zutela azpimarratu du Orioko talde feministak. “Goizeko diana zaratatsuan eta mural margoketan espero baino herritar gehiago bildu zen eta arratsaldeko manifestazioa ere arrakastatsua izan zen. Emakumeen afarian, berriz, 60 lagun inguru bildu ginen, inoiz baino gehiago”. Aurten, Martxoaren 8an pauso bat aurrera eman dela uste du Xaltxerakek.

Manifestazio jendetsuak

Zarautzen emakume ugarik bat eginda hasi zituzten Martxoaren 8ko ekintzak bizikleta martxarekin. Eguerdian, “giro oso goxoa” sortu zen Lege Zaharren enparantzan kafea hartzeko postuaren inguruan eta dantzaren aurkezpenean. Segidan, bazkari autogestionatuan 200 emakumetik gora elkartu ziren, eta bazkalosteko tailerrak «askorentzat esperientzia ederra» izan zirela azaldu dute Zarauzko Mugimendu Feministakoek.

Arratsaldean egindako manifestazioa “Zarautzen inoiz egin den jendetsuenetakoa” izan zela nabarmendu dute.
Zarauzko mugimendu feministaren arabera, Martxoaren 8an dela ez zen positiboa izan, ordea. “Goizean goiz Gaztetxeko sarrailak manipulatuta agertu ziren, eta bertan zegoen Martxoaren 8rako material guztia. Egunean zehar gitarra bat lapurtu zuten eta hurrengo egunean, martxoaren 9an, Kapitalismoari planto zioen pankartaren gainean Feminazis no, España no es un zoo esaldia agertu zen”, salatu du Zarauzko mugimendu feministak. “Erreakzio horiek esan nahi dute beldurtu egin dituztela feminismoa hartzen ari den indarrak».

Azpeitian ere, Martxoaren 8an goizean goizetik emakume ugari batu zen greba feministara eta horren bueltan Basanderie talde feministak antolatutako ekitaldietara. “Aurreko urtean ez bezala, aurten, egun osoko egitaraua antolatu dugu herrian, herriko eragileen eta norbanakoen babesarekin. Hala, goiz goizetik emakume ugari batu ginen grebara”, azaldu du Basanderiek taldeak.
Mosaikoa eta manifestazioa izan ziren jende gehien bildu zituzten ekintzak Azpeitian. “Herrian azken urtetan egin den manifestaziorik jendetsuenetakoa izan zen. Gainerako ekintzetan ere partaidetza handia izan zen; herriko kaleak eta batez ere plaza geure egin genituen”, azaldu du.

Eguerdiko mosaikoaren eta manifestazioaren garaian herriko dendak eta tabernak itxi, eta ikastetxe eta lantoki ugaritako emakumeak ere batu ziren greba feministaren aldarrikapenetara Azpeitian, eta udaletxea ere itxi egin zuten.

Orokorrean Martxoaren 8a “bikain” joan zela nabarmendu du Basanderiek taldeak, “egunerokotasunean kontzientzia feminista batez oinarri soziala sendotu eta antolaketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditugu, eta indarra eta borrokatzeko gogoa badela erakutsi dugu herritarrok”.

Zestoako Txoko Feministako kideak ere “oso pozik” daude Martxoaren 8ko ekitaldiek izan zuten erantzunarekin. “Jende asko izan zen goizeko eta arratsaldeko manifestazioetan”, nabarmendu dute. Gainera, bazkalondoren, Arrakala dokumentala eman zuten, eta 50 bat lagun elkartu ziren hura ikustera. Ondoren, tailer bat egin zuten han bildutakoek, eta “giro oso ona” nagusitu zela nabarmendu dute Txoko Feministakoek. “Emakumeen egoeraz hausnartu genuen denon artean”.

Herriko merkatarien erantzuna ere aipatzekoa iruditzen zaie Txoko Feministakoei. Izan ere, haien arabera, herriko denda eta taberna ia denak itxi zituzten Martxoaren 8ko greba deialdiarekin bat eginez. Era berean, mobilizazioetan hainbat gizonek parte hartu zuela adierazi dute, eta hori “oso positiboki” baloratu dutela.

Eguneroko borroka

Azkoitiko Sostenipe talde feministak ere “oso balorazio positiboa” egin du Martxoaren 8aren bueltan. “Egun osoan emakumeok herriko plaza hartu genuen, eta goizetik antolatutako ekintzetan emakumeen presentzia handia izan zen”. Goizeko kafe tertulian izan zen jendetza aipatu dute, besteak beste. “Espero genuena baino jende gehiago bertaratu zen. Ehun bat pertsonarentzako mahaiak eta aulkiak eskatu genituen, eta jende gehiago batu ginen”. Azkoitian grebak iaz baino erantzun hobea izan zuela eta aurreikuspen guztiak gainditu zituela azpimarratu dute.

Dena den, Sostenipekoek nabarmendu dute Emakumeen Eguna ez dela Martxoaren 8a soilik, baizik eta egunero egin behar dela lan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. Horrekin batera, herritarrak talde feministan parte hartzera gonbidatu dituzte.