Igoera faseari heldu diote Sharks taldekoek

Avia Eibarren aurka jokatuko dute Sharksekoek larunbat honetan. (Artzape)

Lau taldeko multzoa izango dute Keta Babyauto Sharksekoek. Larunbat honetan Getarian jokatuko dute igoera faseko bigarren norgehiagoka, Avia Eibar taldearen aurka.

Gipuzkoako Senior Gizonezkoen 3. mailako igoera faserako sailkatzea lortu du Getariako Keta Babyauto Sharks taldeak. 14 partidatatik 13 irabazi dituzte sailkapen fasean, eta pasa den asteburuan, igoera faseari heldu zioten. Lau taldez osatutako multzoa izango dute Sharksekoek fase honetarako, eta Avia Eibar Saskibaloia (Eibar), Larramendi ILK (Donostia) eta Saski Axular (Donostia) taldeekin neurtuko dituzte indarrak.

Donostiako Saski Axular taldea izan da beren lehenengo aurkaria, eta taldekideen arabera, "partida borrokatua" izan zen larunbatekoa, martxoak 9. Azkenean, 46-55 gailendu ziren Sharksekoak.

Larunbat honetan, martxoak 16, izango dute igoera faseko bigarren norgehiagoka, Avia Eibarren aurka. 17:30ean emango diote hasiera partidari, Getarian.

Duela 6-7 urte Zarautzen sortu zuten Sharks taldea, baina iazko denboraldia amaitzean, ez ziren ados jarri Zarauzko kluba eta Sharksekoak. Beraz, Getariako Keta klubarekin jokatzeko erabakia hartu zuten taldekideek, eta izen berriarekin, ibilbide berriari ekin diote aurten.