Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoaren zuzendari berria

Raul Perez Iratxeta zuzendaria kargutik kendu du aldundiak, eta zarauztarra izendatuko du zuzendari. Gaur egun museoko zuzendari zientifikoa da Alberdi. Martxoaren amaiera aldera zabalduko ditu ateak museoak, zaharberritze lanak amaituta.

Xabier Alberdi zarauztarra izango da Euskal Itsas Museoaren zuzendari berria, aldundiak kargutik kendu baitu aurreko arduraduna, Raul Perez Iratxeta. Alberdi doktorea da Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Modernoan, eta Albaolako ikerketa saileko zuzendari eta Untzi Museoaren zuzendari zientifikoa da egun.

Aldundiak jakinarazi duenez prentsa ohar bidez, hemendik aurrera Alberdiren ardura izango da "Untzi Museoari indar berria ematea, jende gehiagorengana iristea eta erakargarri turistikoa bihurtzea, horretarako erakusketak eta eremu didaktikoa indartuz eta museoa Gordailuarekin, hots, Aldundiaren ondare kontserbaziorako zentroarekin, lotuz".

Erakunde publikoak azaldu du museoak martxoaren amaiera aldera zabalduko dituela ateak, eta dibulgazioan ahaleginduko dela. "Horretarako, itsas ondare eta historiaren eskaintza zabalduko du eta rol nagusia jokatuko du lehen mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizunetan eta Joan Sebastian Elkanoren figura berreskuratzeko zereginetan. Izan ere, datorren ostiraletik aurrera Ametsa. Ideiatik proiektura erakusketa egongo da ikusgai, Museoaren lankidetzarekin".