Geriza plataforma sortu dute Neguetxeren itxierari erantzuteko

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 13a, 11:00

Mobilizazioa deitu dute larunbat honetarako, 12:00etan udaletxe aurretik hasita. Neguetxea irekiko dugu! Inor ez aterperik gabe! lemapean, "egoerak eskatzen duen neurriko erantzuna emateko ordua" dela azpimarratu dute.

Gloria Vazquez Zarauzko Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak urtarrilean jakinarazi zuen aurtengo neguan ez dutela Neguetxe ireki. 2011. urtetik Monte Albertia ikastetxearen eta Igerain aterpetxearen ondoan dagoen Etxe Txikian kokatu dute Neguetxe, etxerik ez duten pertsonei aterpea emateko eta neguan gaua pasatzeko aukera eskaintzeko.

"Egoerak larrituta", dozenaka izan ziren otsailean Neguetxeren itxieraren harira biltzen hasi ziren herritarrak. Larunbatero elkarretaratzeak egin dituzte udaletxe aurrean, Neguetxeren irekieraren alde. Egitasmo horietatik jaio da gaur aurkeztu duten Geriza "herri plataforma eta proiektua", Neguetxeren itxierari erantzun bat ematea helburu duena.

"Urtarrilaren erdialdera jakin genuen, prentsa bidez, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunaren ahotik: "Zarautzen ez dugu leku aproposik topatu Neguetxea kokatzeko". 2011tik orain arte Monte Albertiako Etxe Txikia eraikinean kokatu dute Neguetxea, baina aurtengo neguan, egoera bestelakoa izan da. Une honetan, herrian ez dago Neguetxerik. Erabaki politikoa izan da".

3.000 etxegabe baino gehiago EAEn

2016. urtean EAEn 3.000 etxegabe baino gehiago zeudela eta 2018. urtean Bizkaian etxegabe kopurua bikoiztu zela gogorarazi dute Gerizako kideek: "Errealitate gordin hori ezkutatu egiten zaigu sarri, itzalpean mantendu".

"Onartezina iruditzen zaigu horrenbeste baliabide kudeatzen dituzten erakunde publikoek, besteak beste, Zarauzko Udalak, errealitate horri erantzun beharrean, egoera betikotzeko erabakiak hartzen jarraitzea; irtenbideak mahai gainean jarri beharrean, arazoa are larriagoa bihurtzea eta miseria are gordinagoa egiten duten pausoak ematea, Neguetxearen itxiera kasu", salatu dute.

"Baliabideak beren esku dituzte, errealitatean esku hartu eta erantzun bat emateko gaitasuna badute, baina dirudienez, borondatea da falta zaiena. Udalak ez du erakutsi arazoa kudeatzeko inongo planifikaziorik. Edo larriagoa dena: hauxe da plangintza".

Mobilizazioa larunbatean

Neguetxearen itxierari erantzutea "ezinbestekoa" dela adierazi dute Gerizako kideek: "Ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrok egoerari erantzutea eta esku hartzea; gaia kalera ateratzea, antolatzea eta irtenbideak ematea. Inor ez aterperik gabe. Erantzunak kolektiboa behar du izan, arazoa kolektiboa den heinean".

Mobilizazioa deitu dute larunbat honetarako, martxoak 16: "Martxoaren 16an, larunbata, pauso handi bat emateko aukera izango dugu. Egoerak eskatzen duen neurriko erantzuna emateko ordua da, elkartasuna gorpuzteko ordua. Errealitatea aldatzeko borondateak eta grinak betetzen baititu gure bihotzak".

12:00etan udaletxe aurrean hasiko da mobilizazioa, eta egun osorako egitaraua iragarri dute. 14:00etan bazkaria egingo dute, eta 17:00etarako mahai-ingurua antolatu dute Irungo Harrera Sareko, Artea Proiektuko eta Gernikako Eztenako kideekin. Balorazio bilera deitu dute 19:00etarako, eta gauean, 21:00etan, kantu afaria izango da.

Sare sozialetako kontuak ere argitaratu ditu Gerizak: Twitterren @GerizaZarautz, Instagramen @gerizaetxea eta Facebooken Geriza Zarautz.