75 urte, hormetan izoztuta

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 14a, 16:56

Zarautz Kirol Elkartearen 75 urteko ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa dago ikusgai Sanz Enea kultur etxean. Apirilaren 7ra arte egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Zarauzko Kultura Sailaren eskutik, aspaldiko argazki batzuk berreskuratzeko aukera izan du HITZAk.

Pasa den astean inauguratu zuten Sanz Enea kultur etxeko erakusketa gelan Zarautz Kirol Elkartearen argazki erakusketa. 75 urte betetzen ditu aurten elkarteak, eta irudietan elkarteko kirol sail desberdinetako irudi zaharrak zein berriak ikusteko aukera dago. Erakusketa apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Gaur egun, hamabi sailek osatzen dute Zarautz Kirol Elkartea: futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, pilota, atletismoa, xakea, halterofilia, squasha, herri kirolak, irristaketa eta areto futbola. Orain elkartearen parte ez diren arren, igeriketa, arrauna, mendizaletasuna, tenisa, boxeoa eta surfa ere gogoan izan dituzte erakusketan.

1944an sortu zen Zarautz Kirol Elkartea, hiru sailekin: futbola, pilota eta atletismoa. Pixkanaka-pixkanaka, kirol gehigo gehitzen joan ziren: xakea 1945ean sartu zen eta 1965ean saskibaloia eta eskubaloia. 1968an halterofilia, 1978an errugbia, 2007an areto futbola, 2012an herri kirolak, 2010ean squasha eta 2017an irristaketa.

Egun, 2.400 kirol lizentziatik gora ditu elkarteak; horietako 1.800 ordaintzen dira, eta gainontzekoak aldundiak ordaintzen ditu, haurren kategorietakoak direlako (kimuak eta infantilak). "Gure esku dagoen guztia egiten dugu nahi duten guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten. Ditugun baliabide horiek kirol jakin batzuetarako soilik erabiliko bagenitu, ziur aski eliteko kirolean izango genituzke Zarauzko zenbait talde. Hala ere, guztien parte hartzea lehenesten du gure elkarteak", azaldu du Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko lehendakariak. Kirola egiteak jendeari "on" egiten diola konbentzituta dago Collantes, eta garrantzitsua dela kirol hori «berdintasunean, solidaritatean eta errespetuan oinarriturik egotea".

Zarauzko Udaleko ordezkariak, Esteban Collantes eta zenbait kirol sailetako ordezkariek inauguratu zuten erakusketa aurreko astean. Kirol elkarteko lehendakariaren arabera, ZKEk ahalbidetuko badu kirola egitea herritar denen eskura egotea, funtsezkoak dira bi oinarri: boluntarioak eta instituzioen gertutasuna, kasu honetan, udalarena.

Udalaren laguntzarik gabe kirola egiteko lizentziak askoz garestiagoak liratekeela azaldu du Collantesek. "Zarauzko Udalaren eta ZKEren arteko elkarlana mantentzea oso garrantzitsua da, denek kirolaz gozatzeko aukera izan dezaten". Boluntarioek egiten duten lana ere azpimarratu nahi izan du kirol elkarteko lehendakariak: "Gaur egun ez da erraza denbora besteei eskaintzen dien jendea topatzea, trukean ezer jaso gabe". Bestalde, erakusketa kirol elkartearekin lanean aritu diren zarauztar guztientzako omenaldia ere badela azaldu du kirol elkarteko buruak.

Xabier Txurruka alkateak Zarautz Kirol Elkartearen lana eskertu eta goretsi du, eta Zarauzko Udalak "horri erantzun" behar diola azaldu. "Zarautz gaur egun horrelakoa baldin bada, neurri handi batean, Zarautz Kirol Elkartea bezalako erakundeak bizi-bizirik ditugulako da. Horregatik, gure laguntza eta babesa behar badituzue, beti izango dituzue", adierazi die alkateak kirol elkartekoei.

Azkenik, bai Collantesek baita Txurrukak ere, zarauztar guztiak gonbidatu dituzte erakusketara bertaratzera eta topa daitezkeen harribitxiez gozatzera. "Zarautzen jende asko egon da Kirol Elkarteari loturik, denbora gehiagoz edo gutxiagoz. Etorriz gero, baliteke batek baino gehiagok ezustean bere burua topatzea argazkietan".

Milaka argazkiren artean aurkeratu behar izan dituzte erakusketaren arduradunek Sanz Eneako lau gelak apaintzeko argazkiak. Haietako bat izan da Luis Epelde argazkilaria. Eskubaloiko argazkiez arduratu da Epelde, eta azaldu duenez, 35 argazki aukeratu zituen eta haietatik hamahiru zintzilikatu dituzte hormetan. "Jende asko agertzen den argazkiak aukeratu ditugu. Azaldu nahi genuen taldeek afizioarekin daukaten harremana. Batasun hori agertzea zen gure funtsezko ideia, eta nik uste dut lortu dugula".