Birziklatzearen kultura hedatuz

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 14a, 20:00
Eneko Iriarte. (Utzitakoa)

Udalak antolatutako lehen Ideia Lehiaketa irabazi du Eneko Iriartek Birbotil proiektuarekin. Proiektua guztiz amaituta ez badago ere, birziklatzea sustatzea da haren helburu nagusia.

Ideia Lehiaketa irabazi du Eneko Iriartek Birbotil proiektuarekin. Kroazian izan zen Erasmusean, eta han ikusitakotik otu zitzaion Zarauzko Udalak ateratako lehiaketara aurkeztutako proiektua.

Bi oinarri desberdin izan ditu Iriarteren ideiak: Euskal Herritik kanpo ikusitakotik jasotako inspirazioa, eta unibertsitaterako Zarauzko malekoiaren zaintzaren inguruan egindako lan bat.

Kroazian ikusi zuen nola hainbat supermerkatutan aurrez erabilitako plastikozko, metalezko zein kristalezko botilak supermerkatu berera itzuliz gero, erosketa berrian deskontu bat izaten zuten bezeroek. Bestetik, unibertsitaterako lan bat egin zuen Zarauzko malekoiaren mantentze lanen inguruan Iriartek. "Aztertu nuen udalak zein baliabide erabiltzen zituen hondartza zaintzeko. Konturatu nintzen esfortzu handia egiten dutela hondartza oso txukun mantentzen, eta pentsatu nuen ahalegin hori herrira ekartzea komenigarria zela. Kroazian supermerkatuek beren kabuz egiten dutena, zergatik ez herri osoan egin, modu publikoan?". Hala, plastikozko botilak jaso eta trukean sariren bat emango duen proiektua proposatu zuen Iriartek.

Birbotil proiektua zuzen ezarriz gero, herriarentzat onura ekarriko lukeela uste du Iriartek. "Jendeak gehiago birziklatuko du, eta gainera, sariren bat irabaziko dute egiten duten bakoitzean". Sari horren forma oraindik zehazteke dagoen arren, ideia desberdinak dituzte buruan udaleko langileek zein Iriartek berak . "Izan daiteke bono moduko bat herriko dendetan edo saltoki txikietan gastatzeko edo izan daiteke herriko elkarte edo eragileren bati ekonomikoki bultzadatxoa emateko". Funtsean, proiektuaren helburua "jendeak birziklatzeari garrantzia ematea" dela azaldu du. "Pertsonok horrelakoak gara, eta zerbait ondo egiteagatik sari bat lortzen badugu, pentsatzen dut jendeak bere partetik egingo duela esfortzu hori".

Albo kalteak eta zailtasunak

Proiektuak paperaren gainean "oso polita" dirudien arren, aurrera eramatea "horren erraza ez" dela azaldu du Iriartek. "Burugogor jarri nintzen ilusio handia egingo lidakeelako Zarautzen horrelako zerbait ikusteak, baina txostenean idatzi nuen moduan, ideiari buelta batzuk eman behar zaizkio ondo funtziona dezan".

Iriartek ideiak emaitza onak emango dituela uste du, baina "ondorio negatiboak" ere izan ditzakeela ere aurreikusten du. Esaterako, makinek ematen duten sariaren arabera, jendea kaleko botilak biltzen edo zakarrontzietan bila ibili daiteke kaleetan, eta hori "irudi oso polita ez" dela uste du. "Baliteke estanpa tristeak ikustea, baina uste dut horiek beste arazo batzuengatik direla, ingurumenarekin eta biriziklatzearekin zerikusirik ez dutenak".

Helburu nagusiak "herria garbi mantentzea eta aldaketa klimatikoaren aurrean zerbait egitea" direla uste du Iriartek. Gauza asko baloratzeko eta hari asko lotzeko daude oraindik, "egitasmoa guztiontzat positiboa" izan dadin. Iriarte dagoeneko elkartu da udaleko ordezkariekin, eta dagoeneko hasiak dira egitasmoa bideratzeko "modurik onenaren" bila.

Transmisioaren garrantzia

Iloba txikiak ditu Iriartek, eta ilusio berezia egiten dio beraiek birziklatzearen kulturan hazteko aukera izateak. "Betidanik kezkatu izan nau asko ingurugiroaren gaiak, eta asko pozten nau udalak proiektua aurrera ateratzeko konpromisoa hartu izanak". Izan ere, lehiaketaren berri eman zuenean hala jakinarazi zuen udaleko Gazteria Sailak: proiektu irabazlea egin egingo zutela.

Denborarekin, proiektua ondo ateraz gero, Zarautz "erreferentzi" bihur daitekeela uste du ideia lehiaketaren irabazleak. Berak Kroazian ikusi zuen, eta jakin duenez Alemanian, Danimarkan eta beste zenbait lurraldetan ere antzeko mekanismoekin funtzionatzen dute hainbat supermerkatuk. "Nik dakidala, ordea, hemen inguruan ez dago halako ezer martxan jarri duen hiririk. Zarautz ez da herri handia, baina udan biztanleria hirukoizten dela kontuan izanda, asko zabaldu daiteke birziklatzeko egitasmoa. Aitzindariak izan gaitezke".

Erlazionatuak