"Euskaratik eta euskaraz sortuko duten gazteak behar ditugu"

Aitziber Arzallus/Gipuzkoako Hitza 2019ko mar. 15a, 11:00
Epelde, artxiboko irudian. (Onintza Lete Arrieta)

Hiru umeren aita eta institutuko euskara irakasle izatearekin beteko lituzke eguneko 24 orduak, baina "kabitu ezinak" hamaika saltsatan sartzera eraman du Imanol Epelde (Zarautz, 1977). Sortzea atsegin du, izan musika, izan poesia, izan antzerkia. 27 zapata bloga du horretarako agertoki nagusia.

Gazteagoa zinenean bertsotan ibiltzen zinen, baina utzi egin zenuen, gaizki pasatzen zenuelako. Hain gaizki pasatzeko, ez al zara nahikoa plazagizon?

Kosta egiten zait jendearen aurrean inprobisatzea, eta uste dut hor dagoela diferentzia; gaizki pasatzen nuen bertsotan. Bertso afari batean, adibidez, mundu guztia isiltzen zenean eta kantari hasi behar nuenean, zertaz kantatuko eta zertaz jardungo eta… Gerora konturatu naiz nirea ez dela bat-batean jardutea, eta errazago moldatzen naizela testuak-eta aurretik prestatuta edukiz gero.

Noiz utzi zenuen bertsolaritza?

Aspaldi. Hogei bat urterekin egingo nuen azken saioa, eta 42 badauzkat dagoeneko, baina ordukoak ez dauzkat ahaztuta. Gero, kosta egin zitzaidan askatzea. Hainbeste urtean bertsotan ibilita, neurrietara eta errimetara josita sortzen nuen dena. Askatu nahi eta ezin. Hasi poema bat edo testu bat idazten, eta zortziko txikian edo zortziko handian etortzen zitzaidan dena. Horregatik, plazera izan zen aske sentitzea. Hala ere, asko zor diot bertsoari, eta Zarauzko bertso eskolari zer esanik ez. Pello Esnal izan genuen irakasle, eta hitzekin jolasten eta plazan nola jokatu erakutsi zigun. Hark irakatsitakoarekin eta garai hartan egindako lagunekin geratzen naiz.

Bertsolaritza izan zen landu zenuen lehen alderdi artistikoa?

Bertsotan aritzen nintzen garaian antzerkian ere ibiltzen nintzen Zarauzko Alproja taldean. Geroago hasi nintzen idazten, bertsolaritza utzi nuenean edo.

Zer ikasketa egin zenituen?

Euskal Filologia.

Berehala hasi al zinen irakasle?

Ikasketak bukatu, eta urtebete inguru pasatu nuen itzulpenak eta beste lantxo batzuk egiten, baina segituan deitu zidaten Zarauzko Antoniano ikastetxetik, eta hantxe hasi nintzen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen.