Atzo, ostirala, EH Bilduren Bilgunearen irekiera ekitaldia izan zen, 19:00etan. Ipar kaleko 4. zenbakian kokatu du egoitza koalizioak, eta datozen hilabeteetan zabalik egongo dela jakinarazi du. "Herritarren espazio bat" izango dela azaldu zuen Naiara Carvajal EH Bilduko zinegotziak: "Herritarrek guregana hurbiltzeko aukera izango dute, beren kezkak azaltzeko eta proposamenak helarazteko".
Carvajalen arabera, "lanean" ari dira EH Bilduko kideak, besteak beste, "udal hauteskundeetarako taldea osatzen" eta "taldea bezain garrantzitsua den herri programa prestatzen".
Lau ardatz
Itziar Murua alkategaiak eman zuen EH Bilduren programaren ildo nagusien berri. "Herritarrak erdigunean jarri nahi ditugu", azaldu zuen: "Herritarrok egiten dugu Zarautz, eta bakoitzaren bizi proiektuak hemen bertan gauzatzeko moduko herri bat nahi dugu egin". Horretarako, lau ardatz nagusi zehaztu dituzte: enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak eta kultura.
"Zarauztarrok bertan bizi ahal izateko, bertan lan egiteko aukera izan behar dugu", adierazi zuen Muruak, eta enpleguak "duina eta egonkorra" izan behar duela ere azpimarratu zuen. Beraz, "hiru sektoreak" sustatzeko asmoa agertu du EH Bilduk, "hiruren arteko oreka bat" bilatuz. Besteak beste, hezkuntza, lanbide heziketako ikastetxeak eta enpresen arteko lankidetza bultzatuko dituzte.
"Zarauztarrek hemen bizi nahi badugu, etxebizitza izateko aukera erreala izan behar dugu guztiok", azaldu zuen alkategaiak: "Guztiok ezagutzen dugu Zarautzen bizi nahi baina kanpora bizitzera joan behar izan duen norbait". EH Bilduk hori "ekidin" nahi duela adierazi zuen: "Horretarako, gakoa alokairuan dagoela uste dugu. Alokairua bultzatuko dugu, hutsik dauden etxeak alokairu merkatura eramateko neurriak hartuz eta alokairura bideratutako etxebizitza sozialez osatutako parke bat eraikiz".
Bestalde, "zarauztarrek bertan bizitzeko aukera izan nahi badugu, bakoitzaren beharrek ondo asetuta egon beharko dute", gehitu zuen Muruak. "Behar eta zailtasunak dituzten jende asko dago Zarautzen, esate baterako, pentsiodunak, adinekoak, zaintza lanetan ari direnak edo ekonomikoki justu samar dabilen jendea. Horiei guztiei bizitza duin bat eskaintzeko neurriak abiatuko ditugu", azaldu zuen.
Azkenik, "zarauztarrak bertan bizi eta gustura bizi ahal izateko", "aisia eta kultura ere herritarren eskura" jartzea beharrezkoa dela ebatzi du EH Bilduk. Muruaren arabera, "gabezia handiak" ikusi dituzte arlo horretan, eta "sortzaileak babestu" eta "azpiegiturak hobetu eta gehitu" nahi dituztela adierazi zuen. "Kulturaz jantzitako herri bat herri bizi bat da", gaineratu zuen.
Lau ardatz hauek identifikatuta izan arren, EH Bilduk programa lantzen jarraitzeko asmoa duela nabarmendu zuen Muruak. Horretarako, "herritarren ekarpenak" jaso nahi dituzte. Datozen asteetan herriko eragile desberdinekin bilduko direla iragarri zuen, eta Bilgunera bertaratzen den herritar ororekin hitz egiteko gogo bizia dutela ere esan zuen.
Bilgunea abian
Carvajalen arabera, oraindik ez dituzte Bilguneko txandak zehaztu eta banatu, eta beraz, ordutegia ez dute zehaztu. Dena den, asmoa astean bi edo hiru egunetan goizez eta arratsaldez irekitzea dela azaldu zuen, larunbat goizak barne.
Martxoaren 21ean, osteguna, "herri bilgunea" egingo dute Bilgunean, 18:00etan hasita. Hauteskundeetarako zerrenda eta programa izango dituzte hizpide. Bestalde, martxoaren 30ean, larunbata, Mugi Da! Eguna izango da Bilbon, "EH Bildu osatzen duten guztien topagunea", alegia.