Klima aldaketari aurre egiteko bideorria azaldu du EAJk

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 17a, 15:30
Biotopoan izan dira EAJ-PNV taldeko zenbait hautagai. (EAJ-PNV)

"Bi hanka" izango dira EAJ-PNV taldearen heldulekuak aldaketa klimatikoari aurre egiteko: Naturklima fundazioa eta Mubil elektromugimortasun zentroa. Zarauzko biotopoan izan dira alderdiko zenbait hautagai.

Gaur, igandea, EAJ-PNV alderdiko zenbait hautagai elkartu dira Zarautzen, "aldaketa klimatikoaren aurrean posizio sendo eta finko bat izateko beharra aldarrikatzeko". "Madrildik ez dira gai izan aldaketa klimatikoaren aurkako lege bat martxan jartzeko, ez PPren gobernua, ez PSOErena. Hitza eman bai, baina azkenean ez dira gai izan ez bata, ez bestea", adierazi du Joseba Agirretxeak.

"Une honetan beharrezkoa da jarrera irmo bat izatea, eta batez ere, guk dauzkagun eskumenak jorratzea eta gai izatea lege horren aurrean guk gure borroka egiteko, erakunde desberdinen arteko elkarlanaren bidez", gehitu du Agirretxeak.

Zarauzko biotopoari bisita egin diote gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak; Joseba Agirretxea Kongresurako hautagaiak; Maribel Vaquero Senaturako hautagaiak; eta Zarauzko, Getariako, Orioko eta Aiako alkategaiek, Xabier Txurrukak, Aitor Urrestik, Lourdes Salsamendik eta Nekane Arrizabalagak, alegia.

Olanok bertan esandakoaren arabera, EAJ-PNV taldeak Madrilen hartu duen papera "garrantzitsua" izan da, "Mugil elektromugikortasun zentrorako dirulaguntza bermatzeko". 5,5 milioi euroko laguntza emango diote zentroari.

"Guretzat funtsezkoa da estrategia oso horretan buru bat izatea. Hor dugu Naturklima fundazioa, herri bezala eta lurralde bezala egin behar dugun ibilbidea finkatzeko". Dena den, "lurralde industriala izanik", "beharrezkoa da industriaren eraldaketara, eta batez ere, elektromugikortasunerako estrategia bat izatea". Olanok adierazi duenez, funtzio hori beteko du Gipuzkoan Mubilek: "Gure industriaren eraldaketari heltzen dio zentroak, Europa mailan elektromugikortasunean erreferentzia izan gaitezen".

Beraz, Naturklima eta Mubil izango dira aldaketa klimatikoa lantzeko "bi hankak", azaldu du Olanok. "Ezinbestekoa da hurrengo belaunaldiei mundu hobea uztea eta aldaketa klimatikoaren aurrean aktibatzea", gehitu du.