Juan Luis Mendizabal 'Mendi' margolaria hil da

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 19a, 12:11
Mendi, pasa den abenduan egin zioten omenaldian. (Amaia Urbieta Arruti)

91 urte zituela zendu da Juan Luis Mendizabal Mendi. Lotura estua mantendu izan du margolariak beti Zarautzekin eta Zarauzko haurrekin. Mendiren aldeko hileta elizkizuna bihar, otsailak 20, 19:00etan izango da Donostiako Alde Zaharreko Santa Maria basilikan.

Gaur zendu da Mendi margolaria, 91 urte zituela. Lekeition jaio zen Mendi 1928an eta haurtzaroa Zarautzen igaro zuen. Gerora Donostiara bizitzera joan bazen ere, lotura estua izan zuen beti Zarautzekin.

Ascensio Martiarena margolari donostiarrarengandik ikasi zuen pinturaren teknika; harengandik hartu zuen koadroak margotzeko joera inpresionista. Pinturaren transmisioan lan handia egin zuen Mendik, izan ere, 2000-2010 urteen artean astelehenero-astelehenero Salbatore Mitxelenako haurrei margotzen erakusten aritu zen. Dagoeneko urteak zeramatzan Ikastolara joan gabe, baina 2018ko abenduan omenaldia egin zioten Salbatore Mitxelenako haurrek. Margolaria "hitzik gabe" geratu zen azken agerraldi hartan, haurrek eskaini zizkioten kantu eta marrazkiekin. Emozioz beterik, "beste belaunaldi bati zerbait utzi diola jakiteak" "hunkitu" egiten duela azaldu zion HITZAri.

Bertan izan ziren Porrotx eta Marimotots ere. Haurrek, Ikastolako irakasleek eta pailazoek bat eginik, Josu Txapartegi Txapasek eta Xabier Zabalak bere omenez egindako kantua abestu zioten, besteak beste.

Anarkismoarekiko gertutasuna

1936an anarkistak Zarautzera iritsi eta Borgeto jauregia hartu zuten. Garai haiek nostalgiaz gogoratzen zituen Mendik, eta oroitzen zuen nola gaztetan hasi zen "gorrien" bilkuretara joaten. Espazio hartan "babestuta" sentitzen zela esan ohi zuen margolariak eta miresmenez oroitzen zituen garaiok. Hain zuzen, 1936ko gerra lehertu ostean Donostiara egin zuen ihes eta han bizi izan zen 40 urtez. Erretiratu zenean berriro ere Zarautzera itzuli zen eta CNTren mendeurrenean txikitako oroitzapen haiek ekarri zituen gogora Putzuzulo gaztetxean 2010eko azaroan emandako hitzaldi batean.

Iñurritzan errotua

Zarautzen igarotako urteak Iñurritza auzoan bizitzen eman zituen Mendik. Auzo horretan bizi zituen uneen oroitzapenekin, argazkiekin, marrazkiekin eta beste hainbat daturekin Iñurritza. Apuntes liburua plazaratu zuen 2008an.

Liburu haren harira 2009ko otsailean Gari Berasaluzek Txaparro aldizkarirako egindako elkarrizketan agertzen denez, Mendik zortzi urte zituela lehertu zen gerrak presentzia nabarmena du liburuan. Garai "gogor" haiek oroitzearen beharra izan zen liburua idaztera bultzatu zuten arrazoietako bat. Elkarrizketa hartan Barandiaranen hitzak ekarri zituen gogora Mendik: "memoriarik gabeko herriak ezin du aurrera egin".