Hondartza Futbola 2018-2019

1.700 jokalarik jardungo dute larunbatean hondartzan futbolean

Onintza Lete Arrieta 2019ko mar. 20a, 15:50
Hondartzak itxura berezia hartuko du larunbatean, 75 partidatik gora izango baitira aldi berean. (Aritz Mutiozabal)

ZKEren 75. urteurrenagatik egingo dute ekitaldia. 130 talde izango dira partidak jokatzen, eta aurretik oroigarria jarriko dute, orain 25 urteko Guiness marka gogoratzeko.

Duela 25 urte, Zarautz Kirol Elkarteak 50 urte bete zituenean, errekorren Guiness liburuan sartzea lortu zuen Zarautzek. Izan ere, 100 taldek aldi berean jokatu zituzten partidak Zarauzko hondartzan. Larunbat honetan gogoan izango dute errekor hura, eta jardunaldi berezia egingo dute hondartzan.

Antzekotasunak eta desberdintasunak, biak izango ditu larunbateko ekitaldiak. Esaterako, 1994ko martxoaren 27an aldi berean aritu ziren futbolean 100 taldeak. Oraingoan, berriz, bi txandatan ariko dira. Gainera, orduan baino 30 talde gehiago izango dira: 130 guztira. 11:00etan hasita, aurreneko txandan 33 partida jokatuko dira aldi berean, eta bigarrenean, berriz, 32, 12:00etatik aurrera. Duela 25 urte 1.100 futbolari aritu baziren, oraingoan 1.700 futbolari inguru bilduko dira. Ordea, oraingoan errekorrik egiteko asmorik ez dago. Soilik orain 25 urte lortutakoa gogoratu nahi dute, eta ZKEren 75. urteurrena ospatu.  

Seniorrek ez ezik, benjamin eta alebin neska-mutilek ere hartuko dute parte jardunaldi berezian; zarauztarrez gain, aiarrek, getariarrek eta oriotarrek ere jokatuko dute, beraz. Eskola kiroleko 106 taldek hartuko dute parte guz tira. Seniorrei dagokienez, berriz, 24 talde izango dira hondarretan. Partidei buruzko xehetasunak ikusgai daude urolakostahitza.eus eta zarauzkohitza.eus atarietan.

Oroigarria malekoian

Futbol partidak 11:00etan hasiko diren arren, horren aurretik ere bada beste hitzordu garrantzitsu bat. Izan ere, 10:30ean oroigarri bat inauguratuko dute: Malekoian, Gurutze Gorriaren parean jarriko dute orain 25 urteko Guiness errekorra gogoratzen duen ikurra. Azken xehetasunak lotzen ari dira oraindik eta, beraz, antolatzaileek ezin dute azalpen gehiago eman oraingoz. Hori bai, jakinarazi dute Zarauzko Udalak hartuko duela parte ekitaldian, eta baita ZKEko eta futbol saileko zenbait kidek ere. Horien artean daude orain dela 25 urte ZKEko lehendakari zen Rafa Olaizola eta Juan Mari Arrizabalaga, Belarrio, lehendakari ohia; Esteban Collantes egungo lehendakaria; eta Luis Azkoaga, futbol saileko presidentea.

Gainera, festak jarraituko du partidak amaitu ostean ere. Jakinarazi dutenez, senior jokalariek bazkaria antolatu dute, eta 250 lagun inguru elkartuko dira Aritzbatalde frontoian, eguna behar bezala amaitzeko.

Finalak maiatzean

Bestalde, azken txanpan sartua da hondartza futboleko 2018-2019 denboraldia. Hala, finalerdiak jokatuko dituzte apirilaren 7an, eta finalak, berriz, maiatzaren 4an.

Hemen daude ikusgai larunbatean jokatuko dituzten partida guztiak:

Erlazionatuak

75 urte, hormetan izoztuta

Amaia Urbieta Arruti 2019 mar 14 Zarautz