Xabier Alberdi: "Aldarrikatu beharra dago itsasoa izan dela harreman bide nagusia"

Onintza Lete Arrieta 2019ko mar. 22a, 08:30

Untzi Museoko zuzendari berria da zarauztarra. Eraberritze lanetan egon da museoa, baina laster zabalduko ditu ateak. Iparra argi du Alberdik: astiro baina gelditu gabe doa harantz, lan eta lan.

Untzi Museoko zuzendari zientifikoa izan da orain arte Xabier Alberdi (Zarautz, 1969), eta laster zuzendari ardura hartuko du bere gain. Albaola proiektuan ere badabil, eta elkarlanaren beharra azpimarratu du itsas ondarearen inguruan.  

Museoa berritzen aritu zarete. Irekiera datarik badago?
Egun zehatzik ez daukagu jarrita, baina printzipioz apiril hasierarako dago aurreikusita. Oraindik azken lanak ari dira egiten.

Zer berrikuntza egin dira? Zer aurkituko du herritarrak?
Eraikin historikoa da, eta moldaketa batzuk egin dira museoa behar berrietara egokitzeko, batez ere irisgarritasunaren arloan. Hala, igogailu bat erantsi zaio eta beste hainbat konponketa egin dira. Eduki aldetik, berriz, Raulek [Perez Iratxeta, aurreko zuzendaria] ezarritako ildoetatik jarraituko dugu.

Zein dira ildo horiek?
Batetik, azaleratzen jarraitzea gure itsas historiaren alderdi ilun, erakargarri eta garrantzitsu horiek. Eta, aldi berean, harremanak sendotzea. Azken batean, itsasoa harreman bide na-gusia izan delako hogeigarren mendera arte, eta hori da alda-rrikatu nahi duguna beste erakundeekin. Bai hemen bertan ditugun erakundeekin, bai hemendik kanpo gure itsas historiarekin eta ondarearekin harremana izan duten lurralde eta erakundeekin harreman horiek sendotu eta garatu nahi ditugu.

Izena ere aldatu du museoak.
Bai. Untzi Museoa izenetik Euskal Itsas Museoa izenera pasako da. Izenak dioen bezala, Untzi Museoa litzateke ontziei buruzko museo bat. Izen egokia da ontzien jatorriari, ezaugarriei eta historiari buruz bakarrik ari bada. Halako museoetan, normalean ontziak erakusten dira. Gure museoak, berriz, batez ere itsas ondarea izan du beti ardatz. Horregatik egokiagoa iruditu zaigu izena bera ere errealitate horretara moldatzea. Hori izan da, adibidez, Perez Iratxetaren garaiko ekarpenetako bat.  

Erakundeak aipatu dituzu lehen. Esaten da euskaldunak munduan zerbaitetan onak izan bagara, itsasoari lotuta izan garela. Hori behar bezala baloratzen dute erakundeek?
Egia esan, ez erakundeen aldetik, ez gizartearen aldetik. Azkenean, erakundeek erantzun bat ematen diote gizarteak sortzen edo baloratzen dituen beharrei, eta alde horretatik, ez dakit gaur egun euskal gizartea zenbateraino kontziente den zuk esan duzunaz. Bejondeizula hori entzun baduzu; zerbaitetan asmatzen  ari gara. Baina ez da erraza gertakari horren kontziente izan gaitezen lortzea. Batetik, XXI. mendeko gizarte honetan beti berrikuntzei begira bizi garelako. Beste lurralde eta kultura batzuetan argi dute etorkizuna lantzeak ez daukala gatazkarik iraganeko gauzak aztertzearekin eta baloratzearekin. Bestetik, ez da ahaztu behar azken hamarkadetako gure historia: diktadurak sustatu zuen gu historiarik gabeko herri bat izatea; historiarik ez duenak ez baitu ezer oroitzeko, ez ezer harro egoteko, ez iraganetik ikasteko. Oso erraz moldatu daitekeen gizarte bat da.

Zuen funtzioetako bat da dibulgazio lanak egitea, eta esan duzu gizartea ez dela oso kontziente gure itsas ondareaz. Hori aldatzeko hezkuntzan eragin behar al da, umeekin?
Museo baten helburu funtsezkoena da dibulgazio lana egitea, baina ez da erraza asmatzen. Urte asko daramatzat era batera eta bestera horretan eragin nahian, eta ematen ditu emaitzak, baina ez da erraza, eta jarraitu egin behar da borrokan; hori argi daukat. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen.

Gauza batzuk egin egin dira. Esaterako, hor dago Albaola.
Niri funtsezkoa iruditzen zait elkarlana, egoera den bezalakoa delako. Lana dago erruz denontzat eta aspertzeraino. Nire ustez bakarka baino eraginkorragoak dira gauzak elkarrekin eginda, baina hori ere errazagoa da esaten, egiten baino.

Albaolako ikerketa arduraduna izan zara. Jarraituko duzu?
Jarraituko dut, funtsezkoa deritzodalako Albaola Pasaian eta kilometro gutxira Itsas Museoa Donostian egonda, egiten ditugun ekimenak elkarrekin uztartzea eta lotzea. Bide horretan jarraituko dugu, dudarik gabe.

Noiz ikusiko dugu San Juan baleontziaren erreplika itsasoan?
Ontziaren egitura hein handi batean amaituta dago. Goiko zati batzuk falta zaizkio, baina horiek faktoriaren kanpoaldean amaitu beharko dira. Dena den, hemendik urtebetera ur gainean izango da.

Zein helburu edo amets ditu Euskal Itsas Museoko zuzendari berriak?
Nahiko nuke Euskal Herrian gehientsuenok zerbait ezagutzea gure iragan hori: zer izan ginen eta zer gaitasun izan genituen. Hala, gure aurrekoen gaitasunez kontziente izango bagina, askok agian momentu zailetan ikusiko lukete orain ere gai garela gauzak aurrera eramateko. Hori batetik. Bestetik, niri behintzat min ematen dit hainbat tokitara iritsi eta jakinda euskaldunak toki horietako historiaren ardatzetako bat izan direla, horren berri ez izatea, edo hori ukatzea. Nahiko nuke munduak jakitea munduari itzulia eman zion lehen pertsona euskalduna izan zela, eta euskal teknologiarekin egin zela hori.