Gutuna: Izan bekizu arina lurra, Mendi

Xabier Erauskin 2019ko mar. 21a, 20:00

Ondoko testua bidali du Xabier Erauskinek, Juan Luis Mendizabal 'Mendi'rekin bizitakoak gogora ekarriz.

Olerti Etxean ezagutu nuen Mendi, Leopoldo Zugazak 90eko hamarkada hasieran gauzatu zuen garai kanpoko proiektu extralurtan haren baitan. Bolada batez, bi nerabe, lagun bat eta biok, larunbat arratsaldea noiz iritsiko zain izaten ginen Sanz Eneako sotora jeitsi, eta poesia aitzaki, abangoardiako edozein mugimendu artistiko zein kultur-adierazpeni buruzko ikasgai magistralak jasotzeko: Buñuel, Lizardi, Debord... Haurtzaroan mundua La bola de cristalen leihotik begiratzen ikasi eta gero, gune hora logikoa ere bazen, lisergia hutsa.

Gogoan dut Eisensteinen filmografia lantzerakoan Potemkin korazatuaren ordua iritsi zenekoa: filmari buruz luze eta zabal jardun zuten han biltzen ziren intelektual bizar zuri haiek. Gu, jakina, ixil-ixilik eta aho zabalik. Nola ahaztu, nola eskertu, Odesako eskailera haietan Mendik oparitu zigun ikuskera propioa? Doai artistikoen aztarnik ere ez duen artaburu honek, egun hartan artista baten begietatik ikustea lortu zuen. Pozez txoratzen irten nintzen, ordura arte begirada ikusmenaren funtzio biomekaniko soila zelakoan nengoelako. Opari ederra izan zen hura niretzat, ahaztezina.

Olerti Etxeko beste egun horietako batean, Durruti hartu zuten hizpide, eta anarkismoaz gogotsu hitz egiten entzun nuen Mendi. Ez zen azken aldia izango. Mendik, Tolstoi-zale jatorra izanik, kristautasuna eta anarkismoa uztartzen jakin zuen. Mendiren anarkismo humanista eta kristauak, hainbeste miresten zuen Melchor Rodríguez "Aingeru gorria" zuen eredutzat. Bestelako perfil batekin, Cipriano Meraren bizi-koherentzia azpimarratu-zalea ere bazen. Biolentzia eta totalitarismoaren inguruan berriz, bere egin zituen Albert Camusen tesiak. Zenbat aldiz ez ote zidan gogorarazi Camusen ama euskal jatorrikoa zela!

Aurrezki Kutxa Munizipaleko garaietan, bere lagun filosofo eta ZYX argitaletxe subertsiboko arduradun Carlos Diaz anarkokristaua, Gipuzkoara eta Zarautzera hitzaldiak ematera ekarritakoa zen. Kutxaren programazio kulturalaren barne, harrapazank! Bitxikeria modura aipatu, 1911n Diputazioaren menpe zegoen Aurrezki Kutxa Probintzialean, iskanbila ederra izan zela lantokian eta lanordutan prentsa anarkista banatu eta anarkismoaren proselitismoa egiten zuten Kutxako langile batzuen gain. Mendik ezagutzen zuen istorioa eta barre egiten zuen.

CNTren mendeurrenaren harira haurtzaroko bere bizipenak kontatzera gonbidatu genuenean, gaztetu ere egin zela esango nuke. Borgetoko miliziano anarkista gaztetxo haiekin izandako bizipenak urrebitxi modura gordetzen zituen. "Vivir la utopía" dokumentala ikusi zuenean kabitu ezinik zebilen. Mundu berri eta libre baten ametsak, eta utopiaren ortzadarra urratu zutenen testigantzek, Borgetoko milizianoekin umetan bizitako sentipenak ekarri zizkioten gogora.

Gerora, Hondarribiara joan zen arte, batera eta bestera ibili ginen elkarrekin memoria historikoa jorratzen zen hainbat ekitalditara joanez: Errenteria, Donostia, Tolosa, Bilbo, Durango... Zenbaitzutan, deialdiren bat edo besteren berri izan arren, ixilik pasatzen nituen, hari ezer esan gabe. Adinez aurrera zihoan eta osasunez pattal samar zebilen. Beldur nintzen zerbait gertatuta ere, gaitzen batek jota edo... Lucho Urtubia edo Txari Goienetxe zarauztar jatorriko margolari anarkistarekin hitzartutako afariak egun seinalatuak ziren beretzat, eta kroketekin hasi eta whiskiarekin ondradu bukatzen zituen, nire kezken areagotzeko.

Mendi aldiz, ezagutu dudan pertsona baikorrena zen. 2015ean, Mauthausenera deportatuak izan ziren bi zarauztarren omenez, plakatxo bana jarri zen haien jaiotetxeen parean, lurrean. Han geundenon komentario hedatuena plakatxoen tamaina txikia izan zen, ez baitira ikusterrazak. Mendik aldiz, abantailak baino ez zituen ikusten: lurrean egonda eta txikiak izanik, makurtzeko esfortzua eskatzen dute irakurriko badituzu, eta zirkunstantzia horrek plakatxoetako idazkiari garrantzia handiagoa ematen omen zion... Hain txikiak propio egin zituztela pentsatuz joan zen etxera. Horrelakoa zen Mendi, beti.

Luze doa agurra, baina utzidazue Mendiren azken pasadizo bat kontatzen. Istorio honen beste bi protagonistak hil ziren eta azkena Mendi bera zenez, hil ondorenetan kontatzeko baimena eman zidan, irribar bihurria ahoan. 1936ko gerra garaian, Espainiako Errepublikako gobernuak arte lanak konfiskatu eta gerraren arriskuak ekiditeko Junta de Incautación bat sortu zuen. Junta honek, bere kabuz konfiskaturiko lanak edo bestelako erakundeek eramandakoak jasotzen zituen. Historiografia ofizialak edo tradizio liberal komunistak anarkistei buruz errepikatu ohi dituzten klitxeez haratago, Mendik sarritan zioen anarkistak izan zirela arte lanak salbatzen gehien ahalegindu zirenak. Gaur egun fondo haiek kudeatzen dituen IPCE erakunde publikoak ere aitortzen dio hori CNTri. Mendi San Telmo museoan ibilitakoa zen, Norberto Chiapuso zaharberritzailearekin (Manuel Chiapuso anarkista historikoaren iloba). Behinola, ministeriotik bidalita, Junta haren fondotako margolan sorta bat iritsi zen San Telmora, zaintza katerik gabe baina, ez errezibo eta ez kontrolik. Bistan da fondo horiekin hamarkada luzez negozio ilun asko egin direla, Bárcenas eta bere pinakoteka tartean. Gurera itzuliz, baina, artelan haien artetik atzekaldean CNTren fitxa bat zuen Narroseko markesaren erretratu bat begiz jo zuen Mendik, eta hark Zarautzen bukatu behar zuela erabaki. Norbertorekin elkar hartu, Imanol Muruarekin hitz egin, eta harrezkero Zarauzko udaletxeko alkatetzearen bulegoan zintzilik dago Riberaren margolana. Tolstoi-zalea bai, baina desjabetzaile anarkisten kostakoa, jotzen nion adarra nik, eta berak barre.

Jakizu Mendi, baietz, noizbait Zarauzko herriak Narroseko jauregia okupatuko duela eta han, Herri Ateneo Autogestionatuaren ohorezko tokian, markesa ez baina bere erretratoa bai egongo dela. Gure kontu.

Eskerrik asko guztiagatik Mendi, zoaz udaberria ernetzera, izan bekizu arina lurra.

Erlazionatuak