Bada lekua oraindik Pagoetakoekin Cazorlara joateko Aste Santuan

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 22a, 10:49

Aurtengoan Jaenera (Andaluzia, Espainia) egingo dute txangoa Pagoeta Mendizale Elkartekoek Aste Santuan. Duela aste batzuk eman zuten irteeraren berri, eta jakinarazi dutenez, bada lekua oraindik izena emateko.

Ondorengo txangoak egingo dituztela aurreikusten dute:

Apirilak 19: Poyos de Mesa (1601 m).Ibilaldi hau izango da irteera honetako motzena. 18,5 kilometro inguru ibiliko dituzte, 750 metroko desnibelarekin. Guadalquivir ibaiaren sorburu inguruko gailurrera joango dira. Ibilbide zirkularra da. Arratsaldez, ordubete inguruko ibilaldi txiki bat egiteko aukera egongo da Cascada Linarejos inguruan.

Apirilak 20:   Gilillo (1.848 m). Larunbateko ibilaldiak 22 kilometro inguru eta 1.230 metroko desnibela izango ditu. Cazorla herritik abiatuta bertako gailurrik garaiena igoko dute. Ibilbide zirkularra izango da eta, egingo dituzten ibilbideetatik goi-mendi kutsu handiena izango duena.

Apirilak 21: Borosa ibaia eta Valdeazores lakua. Borosa ibaiaren bailaratik gora joango dira Valdeazores lakuraino. Aintzirak, haitzarteak eta ur-jauziak ikusiko dituzte bidean. Joan eta etorri bide berdinetik egingo dute. Ibilbide luzea baina erraza dela azaldu dute. 27 kilometrokoa eta 1.170ko desnibela.