Asteazkenean, martxoak 20, sartu ginen udaberrian, eta Zarauzko Baratze Solidarioan laster helduko da uzta eta boluntarioek azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza. 2016. urtean jarri zuten martxan, Asti eremuan. Iñaki Oñatibia eta Angel Epelde izan ziren sortzaileak; proiektua aurrera eraman ahal izateko, Zarauzko Udalak 1.000 metro karratuko lur sail bat eta 4.000 euroko dirulaguntza ematea lortu zuten, eta horrela, "beharra duten pertsonentzako" barazkiak ekoizteari ekin zioten.
Egun, lau boluntarioren artean lantzen dute Baratze Solidarioa, eta 2018. urtean, 14.761 euro banatu zituzten barazkitan, 2017. urtean baino %31 gehiago. Caritasen bidez banatzen dituzte ortutik lortutako elikagaiak, eta asteazkenero bidaltzen dituzte barazkiak.
Guztira, 17 barazki desberdin ekoiztu zituzten iaz, hain zuzen ere; 8.780 zerba hosto, 11 kilo berenjena, 330 brokoli, 1.000 kilo kalabazin, 408 kilo kalabaza, 30 kilo tipula, 140 azalore, 172 aza, 571 eskarola, 233 kilo leka, 3.822 uraza, 475 kilo pepino, 268 kilo piper, 3.155 porru, 43 kilo erremolatxa eta 84 kilo tomate.
Iaztik Caritas arduratzen da Baratze Solidarioarekin lotutako kudeaketa administratiboaz. Proiektua abiatu zutenetik, udalak gutxi gorabehera 2.500 euroko dirulaguntza eman du urtero. Dena den, aurten proiektuak aldaketa batzuk izango dituela aurreikusi eta iragarri dute boluntarioek zein Caritaseko kideek, eta beraz, 7.000 euroko laguntza izango dute.
Eredu berria
Orain arte, boluntarioek lurra landu eta barazkiak ekoiztu dituzte, eta ostean, Caritasek banatu ditu elikagaiak. Dena den, Baratze Solidarioaren funtzionamendua birpentsatu dute proiektuaren parte diren kideek, eta aurten eredu berria abiatuko dute. Gotzon Larrañaga Caritaseko kideak azaldu duenez, aurten "ortuan parte hartzera eta lan egitera bideratu nahi ditugu elikagaien beharra duten pertsonak, denbora librea badute eta nahi badute". Helbururua, elikagaiak lortzeaz gain, pertsona horiek "barazkigintzari buruzko ezagutza izatea" eta "bestelako giza harremanak garatzea eta sortzea" da.
Baratze Solidarioan ekoiztutako barazkiak etxera eramateko aukera izango dute, eta eramaten ez dutena Caritasek jaso eta bideratuko du. Proiektuan parte hartu nahi dutenek Caritasekin jarri behar dute harremanetan.