Dokumentaldiarekin ospatuko du Arkamurkak 50. urteurrena

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 22a, 17:00
Natur taldeko hainbat kide izan dira Dokumentaldiarne aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

50 urte daramatza Arkamurka taldeak naturaren ezagutza zabaltzen eta natur kontserbazioaz arduratzen. Urteurrena ospatzeko, urteroko ekitaldiez gain, Dokumentaldia antolatu dute. Euskal Herriko ingurune naturala ezagutarazteko ikus-entzunezkoak proiektatuko dituzte Modelon.

50 urte bete ditu Arkamurka Natura Elkarteak. Naturaren ezagutza eta natur kontserbazioa helburu ditu taldeak, eta aurten urteurren bikoitza ospatzekotan dira, Elkarteak 50 urte betetzen baititu, eta Natur Asteak 40. Aurreratu dutenez, aurtengo Natur Astea urriaren azken astean izango da.

Mende erdia ospatzeko, Euskal Herriko ingurune naturala ezagutzeko balioko duten dokumentalak eskainiko dituzte otsailetik irailera bitartean. Hilaren azken asteartetan eskainiko dituzte 20:00etan, sarrera librearekin, Modelo aretoan. Dokumentalak ikusi ostean, forumean parte hartzeko aukera izango da. Horretarako, dokumental bakoitzean lantzen den gaian adituak diren pertsonak gonbidatuko dituzte saiora. "Natur kontserbazioa horren eremu zabala izanik, hainbat aspektu landu nahi izan ditugu: gure lurraldearen izaera naturala (geologiko eta biologikoa), bertan berezkoa den bioaniztasuna, nekazaritza edo abeltzantzaren eta natur kontserbazioaren arteko gatazkak, klima aldaketa...", azaldu du Aitziber Sarobe Arkamurkako arduradunak.

Aralar izan zen eskaini zuten lehen dokumentala. Antolatzaileen hitzetan "arrakastatsua" izan zen emanaldia, eta horrek "aurrera jarraitzeko gogoak piztu" dizkie. Dokumentaldia ekimen berezia izango bada ere, urteroko egitasmoekin jarraituko dutela adierazi dute. Hala, datorren astean hasi eta apirilaren 4ra arte 21. Astronomia Astea ospatuko dute. Baita hainbat irteera eta hitzaldi ere. "Aurtengo urtea oparoa izatea espero dugu eta herritar guztiok gonbidatzen zaituztegu gure ekitaldietan parte hartzera, gurekin batera natura ezagutu eta naguraz gozatzeko. Gustu handiz gonbidatzen zaiguztegu", burutu du Sarobek.

Dokumentaldiko hurrengo proiekzioak

Martxoak 26. Kantaurialdea: hartz arrearn dominioak. Sinopsia: Iberiar penintsulako iparraldean 400 kilometro baino luzeagoa den mendilerroa dago, Kantauri itssoaren aurrean jarritako hezi handi baten gisara. Beste aldea, Kantauriar mendilerroa zintzur eta basoz osatzen da. Itsasoaren eraginez, eta eurite ugariei esker, basoko landaretza oparo garatu eta zabaldu da, eta horren ondorioz antzinako garaietatik bertan bizi diren animalia eta bestelko bizidunak ikusteko leku paregabea da. Baina, batez ere, ipar isurialdeko bizidun harrigarrienen lurraldea da: kantauriar mendietako hartz arrearen bizitokia da.

Apirilak 23. Barbacana: la huella del lobo. Sinopsia: Natur dokumental honek abeltzain eta otsoen arteko gatazka aztertzen du. Filmak Sierra Morenatik Kantauri mendilerroraino garamatza, non otso talde baten egunerokoa erakusten zaigun egunez egun egindako jarraipenari esker. Gaztela-Leon eta Andaluzian babestutako natur gune ezberdinetan grabatu zen dokumentala; zehazki, Babia eta Luna, Picos de Europa, Fuentes Carrionas eta Fuente Cobre Palentziako Mendietan, Sierra Norte de Sevilla eta Sierra de Cardeña natur parkeetan.

Maiatzak 28. Lurraren bidean: Euskal Herriko arroketan idatzitako historia. Sinopsia: Arrokak. Badirudi betidanik egon direla hemen eta betirako egongo direla, aldaezin. Euskal Herriko bazterrek hamaika forma ezberdin izan dituzte milioika urteetan zehar eta haitz hauek etengabe bertan errotu dira. Paisaia eta klima aldaketa hauen frogak arroketan daude idatziak, eta geologoen begiak erabiliz historia zoragarriak kontatzen dituzte. Aiako Harriatik abiatuz gure herriaren historia geologikoaren altxorrak deskubrituko ditugu.

Irailak 24. Chasing ice. Sinopsia: National Geographic aldizkariko James Balog argazkilariak hainbat urteetan zehar egindako argazkien bidez Groenlandia, Islandia eta Alaskako glaziarren atzerakada, alegia, urtzea erakutsi zuen dokumental honetan; modu horretan, Lurraren beroketa globalaren inguruan egon den eztabaida argitzeko ebidentzia argiak emanez.