Euskal Herriko I. Parrila Lehiaketa egingo dute Zarautzen hurrengo asteburuan

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 22a, 20:00

Parrilan egindako arrain eta haragi lehiaketa izango da Munoa plazan. Bestalde, adituek eskainitako hitzaldiak eta saioak, herri bazkaria eta Street Food-a antolatu dituzte.

Euskal Herriko haragi eta arrain parrila lehiaketaren lehenengo edizioa egingo dute datorren asteburuan Zarautzen. Zarautz Parrilan izenpean, parrilaren inguruko hainbat egitasmo antolatu dituzte martxoaren 29rako, 30erako eta 31rako. Lau ardatz nagusi landuko dituzte: haragi eta arrain parrila lehiaketa, adituen hitzaldiak, Street Food-a eta herri bazkaria.

Martxoaren 29an, ostirala, emango diote hasiera egitarauari. Egun horretan hainbat prestakuntza saio eta hitzaldi eskainiko dituzte adituek, Modelo aretoan. Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, www.zarautzparrilan.eus webgunean.

Parrila lehiaketa

Martxoaren 30ean, larunbata, parrilan egindako arrain lehiaketa izango da, 10:30etik 13:30era. Martxoaren 31an, igandea, aldiz, parrilan erretako haragi lehiaketa egingo dute, 10:30etik 13:30era. Munoa plazako karpetan izango dira bi txapelketak, eta bi epaimahai osatu dituzte, profesionala eta herri epaimahaia. Lehenengo mahaian sukaldariek, parrileroek eta gastronomia munduko zein "euskal gizarteko pertsonaiek" parte hartuko dute, besteak beste, Martin Berasategik, Jose Carlos Capelek, Amaia Ortuzarrek eta Igor Cubillok. Herri epaimahaiko kide izateko interesa dutenek lehiaketa bakoitzerako tiketak erosi beharko dituzte 20 euroan, www.zarautzparrilan.eus webgunean.

Hona hemen Euskal Herriko I. Parrila Lehiaketan parte hartuko dutenen zerrenda:

Parrilan egindako arrain lehiaketa:

  • Joseba Odriozola, Araneta Erretegia (Gipuzkoa)
  • Gorka Laburu, Zubi-Ondo Erretegia
  • Aitor Del Olmo, Amaren (Bizkaia)
  • Urko Zarazua, Txakoli Jatetxea (Bizkaia)
  • Roberto Del Salvador, Txertena Jatetxea (Araba)
  • Marian Uliarte, Guzurtegi Jatetxea (Araba)
  • Jesus Astigarraga, Astarriaga Erretegia (Nafarroa)
  • Joseba Zugarramurdi, Arantzako Aterpea (Nafarroa)
  • Hugo Duplaissy, Ostalamer (Iparraldea)
  • Jules Dupoy, Barbakoa (Iparraldea)

Parrilan egindako haragi lehiaketa:

  • Unai Paulis, Ana Mari (Gipuzkoa)
  • Ramon Lertxundi, Saizar (Gipuzkoa)
  • Aitor Del Olmo, Amaren (Bizkaia)
  • Oskar Garcia, Txakoli Simon (Bizkaia)
  • Juan Gil, La Despensa del Zabala (Araba)
  • Erick Motrales, La Casa de Napoleon (Araba)
  • Aingeru Larrasoaña, Baldorba Sagardotegia (Nafarroa)
  • Carlos Corral, Casa Lola (Nafarroa)
  • Dominique Lagdec, Txopinondo Sagardotegia (Iparraldea)
  • Sergio Meylou, Donibane Lohizuneko Madison Hotela (Iparraldea)

Bestalde, Street Food-a izango da larunbatean eta igandean, Lege Zaharren enparantzan. 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara izango da janaria dastatzeko aukera. Hiru pack desberdin eskainiko dituzte: pintxo bat eta edaria 3 euroan, bi pintxo eta edaria 5 euroan, eta txuleta pintxo bat eta edaria 4 euroan.

Larunbat goizean eta igande arratsaldean Lumagorri oilaskoz, berdelez eta Interkun untxiz eta txuletaz egindako pintxoak salduko dituzte. Larunbat arratsaldean eta igande goizean, aldiz, Basatxerri saihetsak, berdela, hanburgesa eta txuleta eskainiko dituzte. Edariari dagokionez, garagardoa, sagardoa edo ur minerala edateko aukera izango da. Larunbatean eta igandean salduko dituzte Street Food-erako tiketak, Lege Zaharren enparantzan. Bestalde, haurrei zuzendutako tailerrak prestatu dituzte larunbaterako. Musika plazan izango dira, 17:00etatik 19:00etara.

Zarautz Parrilan egitarauari amaiera emateko, herri bazkaria antolatu dute iganderako. Merkatu plazan izango da, 14:30ean hasita, eta parrilan prestatutako janarian oinarritutako menua prestatu dute: barazkiak, erreboiloa, txuleta eta txokolate postrea. 45 euroan salduko dituzte bazkarirako tiketak, eta aldez aurretik erosi beharko dira, www.zarautzparrilan.eus.

Egitaraua osorik

Laburbilduz, hona hemen Zarautz Parrilan egitasmoaren egitaraua osorik:

Martxoak 29, ostirala

  • 17:45. Ate irekiera, Modelo aretoan
  • 18:00. Parrila Quique Dacostaren arabera, Modelo aretoan
  • 18:30ean Jon Gorostiagaren eta Xabier Zabaletaren eskutik, El universo de la carne de Dastatzen hitzaldia, Modelo aretoan
  • 19:00. Zarautz Parrilan 2019 saria emango diote Telesforo Jatetxeko Begoña Astiazarani, Modelo aretoan
  • 19:15. Asador Etxebarriko Bittor Arginzonizek, Rafael Garcia Santosek eta Benjamin Lanek parrilari buruz duten ikuspegia azalduko dute, Modelo aretoan

Martxoak 30, larunbata

  • 10:30. Parrilan egindako arrain lehiaketa, Munoa plazako karpetan
  • 12:00. Street Food-a, Lege Zaharren enparantzan
  • 18:00. Street Food-a, Lege Zaharren enparantzan

Martxoak 31, igandea

  • 10:30. Parrilan egindako haragi lehiaketa, Munoa plazako karpetan
  • 12:00. Street Food-a, Lege Zaharren enparantzan
  • 14:30. Herri bazkaria, Merkatu plazan
  • 18:00. Street Food-a, Lege Zaharren enparantzan