Hondartza Futbola 2018-2019

Irudietan: Hondartzako Futbol Txapelketak lortutako Guinness errekorraren oroigarria inauguratu dute

Zarauzko hitza 2019ko mar. 23a, 13:15

Gaurko jardunaldia ere berezia izan da, 1700 jokalari inguru bildu baititu Zarauzko hondartzako futbol txapelketak.

Zarautz Kirol Elkarteak eta hondartzako futbol txapelketak 75 urte bete dituzte aurten, eta ekitaldi berezia egin dute gaur, urteurrena eta Zarauzko hondartzan duela 25 urte lortu zen Guinness errekorra aitortzeko. Futbol partidak hasi aurretik, Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes, ZKEko lehendakari ohi Rafa Olaizola eta Juan Mari Arrizabalaga "Belarrio"-k eta Zarauzko Udaleko ordezkariek Guinness errekorraren oroigarria inauguratu dute. Kirol elkarteko ordezkariek Emilio Olazabal eta Pako Urkia gogoan izan dituzte ekitaldian, eta bi zarauztarrek hondartzako futbol txapelketa bultzatzeko egindako lana aitortu nahi izan dute.

1700 jokalari
Ekitaldiaz harago, gaurko hondartzako futbol txapelketako jardunaldia berezia izan da, 1700 jokalari inguru bildu baitira Zarauzko hondartzan. Haurrek eta helduek parte partu dute jardunaldian, 130 taldek hain zuzen ere, eta 65 partida jokatu dituzte bi txandetan banatuta. Inoiz Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketaren baitan antolatu den jardunaldirik jendetsuena izan da, duela 25 urte ehun taldek parte hartu baitzuten. Hala ere, orduan 50 partida aldi berean jokatu zituzten.