Urtero bezala, aurten ere Astronomia Astea antolatu du Arkamurka natur elkarteak. 21. aldia izango da, eta iaz bezala, lau hitzaldi eta hainbat behaketa egingo dituzte datozen asteetan.
Hitzaldi guztiak 20:15ean hasiko dira, Arkamurkaren aretoan (Santa Marina kaleko 2. zenbakian, bigarren solairuan).
Zarauzko natur elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta horregatik, bestelako ekitaldiak ere ari da antolatzen.
Astronomia Asteko egitaraua
Martxoak 28, 29 edo 30:
Planetei argazkiak ateratzea. Goizeko 04:00etan, Salberdin aldera joango dira Artizarra, Jupiter, Saturno, Merkurio eta Urano planetak eta Pluton planeta nanoa ikustera. Teleskopioz argazkiak aterako dizkiete. Eguna eguraldiaren arabera aukeratuko dute, eta Arkamurkaren webgunean jakinaraziko dute bi egun lehenago. Alfredo Sayalerok eta Arkamurkako kideek egingo dituzte gidaritza lanak.
Apirilak 2, asteartea:
Lurra 2.0-ren bilaketa. Hitzaldia, Iñigo Elorza Arkamurkako kidearen eskutik. "Azken hamarkadan ugaritu egin dira beste eguzki sistemetako planeten aurkikuntzak. Laster aurkituko al dugu gure Lurraren parekoa den beste planetaren bat?".
Apirilak 3, asteazkena:
Goazen Martera!. Hitzaldia, Itziar Garateren eskutik. Zientzia Planetarioen Taldeko kidea eta EHUko irakaslea da. "Marte da, Lurraren ostean, gehien ezagutzen dugun planeta. Misio asko bidali dira planeta gorrira, orbitatzaileak zein azalean dabiltzan ibilgailuak. Baina gizakia oraindik ez da bertara iritsi. Zergatik? Iritsiko al da? Noiz?".
Apirilak 4, osteguna:
Leihoa Unibertsora. Hitzaldia, Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko kidearen eskutik. "Zerura begiratzen dugunean gure planetatik kanpoan dagoena ikusten dugu. Nola interpretatu han ikusten duguna? Konstelazioak zer diren, nola erabili eta bertan ikus daitekeenaz hitz egingo dugu publiko guztiei zuzendutako hitzaldi honetan".
Apirilak 5, ostirala:
Planetei egindako argazkiak ikustea. Aurreko astean planetei ateratako argazkiak ikusi eta komentatuko dituzte. Nola egin diren eta nola hobetu daitezkeen azalduko dute. Oraingoan ere Alfredo Sayalero eta Arkamurkako kideak arduratuko dira saioa gidatzeaz.
Apirilak 6, larunbata:
Eguzki behaketa. 12:00-14:00, Munoan. Eguzkia behatzeaz gain, haren inguruko azalpenak emango dituzte.
Gau behaketa. 21:00etan Salberdinen zerua aztertuko dute.
Bi behaketa horiek Ilatargi Astronomia Taldeak eta Arkamurkak egingo dituzte elkarlanean.