Ikasleek zuhaitzak landatu dituzte Zingira basoan

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 25a, 13:00
Zarauzko Ikastolako ikasleek artelatzak landatu dituzte Zingira basoan. (Andrea Zipitria)

Zuhaitz Egunaren harira, Salbatore Mitxelenako ikasleek zenbait artelatze eta gorosti landatu dituzte Zingira basoan. Zarauzko Udalak 2016. urtean erosi zuen.

Zuhaitz Egunaren harira, Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleek artelatzak eta gorostiak landatu zituzten ostiralean, martxoak 22. Natura 2000 Sarearen barruan kokatutako Zingira basoan izan ziren: eremu guztia babestuta dago, artelatzak baitaude bertan.

Zarauzko Udalak Zingira basoa erosi zuen 2016. urtean, "artelatza zabaltzeko eta berreskuratzeko". Artelatzari tokia egiteko, pinudiak kendu dituzte azken bi urteetan. Arkamurka taldeko kideek urtero biltzen dituzte Zingira basoko zuhaitzek emandako ezkurrak, Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazteko eta mintegien bidez landare berriak lortzeko. Gero, horiek landatzen dituzte basoan, eta ostiralean, ariketa bera egin zuten Zarauzko Ikastolako ikasleek.

Urtero herriko ikastetxe bat arduratzen da Zuhaitz Egunean zuhaitzak landatzeaz, eta aurten Salbatore Mitxelena Ikastolari egokitu zaio ardura.