Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, 2019ko Gipuzkoako Eskolarteko I. Orientazio Proba egin dute joan den igandean Donostiako Ametzagainan. 26 ikastetxek hartu dute parte proban, eta 363 ume aritu dira, 294 laguntzaile heldurekin.
Zarauzko ikastetxe guztietakoak hantxe izan dira: Orokieta, Salbatore Mitxelena, La Salle eta Antonianokoak, hain zuzen ere.
Ohi bezala, iparrorratzen eta planoen laguntzarekin, balizen kokapena bilatuz aritu dira orientazio proban, ibilbidea zuzen eta ahalik denbora laburrenean egin ahal izateko.
Antolatzaileak pozik dira igandeko saioarekin: “Eguraldi onarekin gozatuz, oso ondo bete dute denek ibilbidea”. Parte-hartzaileei ez ezik, laguntzaile guztiei ere eskerrak eman dizkiete.