Martxoaren 31an, igandea, Koloneko Minbiziaren Aurkako Eguna izango da. Horren harira, kanpaina "berritzailea" jarri du martxan AECC Gipuzkoako Urola Kostako Batzordeak, "koloneko minbiziaren behaketa programan parte hartzeak duen garrantzia azaltzeko".
Koloneko minbiziaren aurka eser zaitez. Froga egin lemapean, Zarauzko malekoian informazio gunea kokatu dute gaur, asteartea, AECC-ko kideek. Modu horretan, koloneko minbizia atzemateko proba egiteko dei egin dute; probaren funtzionamendua azaldu diete bertaratu diren herritarrei, eta informazio-materiala ere banatu dute.
2009. urtetik, "Bi urtean behin, gorotzen laginak jaso ahal izateko kita bidaltzen die Osakidetzak 50-69 urte bitarteko pertsonei". Testa egindakoan, gertuen duten osasun zentrora eraman behar dute lagina parte hartzaileek: "proba higienikoa da, ez du arriskurik, ez du minik ematen, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordua eskatzea edo itxarotea".
AECC-ko Izaro Iriondoren arabera, "ezinbestekoa da 50 urte baino gehiagoko pertsona guztiei ulertaraztea ekintza erraz horren bidez koloneko minbizia ekidin dezaketela": "Programan parte hartzen dutenen biziraupena proba egiten ez dutenena baino %20 handiagoa da", gehitu du. "Kasuen %90 inguru sendatu egin daiteke garaiz detektatuz gero".
Gaur egun, 50-69 urte bitarteko pertsona gehienek testa egiten dutela azaldu dute elkarteko kideek: "Baina parte hartzen ez duten pertsonak ere badaude". "Programa ezagutzen ez dutelako edo beste arrazoi batzuk direla eta proba egiten ez duten pertsona guztiak kontzientziatu nahi ditugu, ekintza txiki horrekin minbizia mota hori garatzea ekidin dezaketela azalduz", gaineratu dute.
2017. urtean, Donostialdeko ESIaren barruan, zeinetan Urola Kosta sartuta dagoen, %73'92koa izan zen parte hartzea. Programan parte hartu zutenen artean, %4'6k eman zuen positibo. Gaur egun, koloneko minbizia da ohikoena Gipuzkoan. 2018. urtean 639 kasu berri atzeman zituzten, eta 244 pertsona hil ziren gaixotasunaren ondorioz.