Bidasoa eta Urola Kostako sortzaileen arteko topaketak antolatu dituzte

Zarauzko hitza 2019ko mar. 26a, 12:19

Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko ahaleginean, eskualdez gaindiko ekimen berria abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Sektorea saretzen jarraitu eta sormen industrien sektoreko eragileen arteko lankidetza indartzera dator ekimena.

Bidasoa Txingudiko eta Urola Kostako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresak saretu nahi dituzte Networking, Industria Sortzaila Bidasoa-Urola Kosta egitasmoarekin. Urola Kostako Udal elkarteak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak elkarlanean diseinatu dute proiektua. Sortzaileen artean topaketa batzuk egingo dituzte, lankidetzarako aukera berriak identifikatzeko eta garatzeko helburuarekin. "Sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko lagungarri izango dela uste dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Bi topaketa antolatu dituzte. Lehenengoa apirilaren 11n, Zarautzen izango da. Bidasoa eskualdeko hainbat artista, sortzaile eta kultura arloko eragile eta enpresek hartuko dute parte bertan. Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, eskualdeko artista eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute. 17:30ean hasiko da UKUEren egoitzan eta bi orduko iraupena izango du saioak.

Bigarren topaketa, berriz, Irunen izango da maiatzaren 30ean, Ducoureau jauregian. Hau ere 17:30ean izango da eta bi orduko iraupena izango du.

Eman dezakete izena dagoeneko egitasmoan interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileek. Zarautzen izango den saiorako izena emateko epea apirilaren 5ean amaituko da. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero telefonoz deitu daiteke 943-89 08 08 telefono zenbakira edo enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi.