Putzuzuloko kideak, gaztetxearen etorkizunarekin kezkatuta

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 27a, 14:21

Salberdinen etxebizitzak eraikitzeko prozesuaren barruan, Bizkaia kalearen beste aldeko eraikinak eraisten hasiko dira aurki, eta hor kokatzen da Putzuzulo. Momentuz, ez dakite zer gertatuko den gaztetxea eraisten dutenean; izan ere, udal gobernuak ez die proiektua beste nonbaiten birkokatzeko planik mahai gainean jarri.

Putzuzulo Gaztetxeko kideek duela gutxi jakin dute aurki abiatuko dutela Salberdinen etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren hurrengo fasea. Ondorioz, Bizkaia kalearen beste aldeko eraikinak eraisteari ekingo diote laster, eta hor kokatzen da, hain zuzen, Putzuzulo. Dirudienez, gaztetxearen atzeko eremua botako dute lehenengo, Putzuzulorekin lotuta dagoen zatia, egun biltegi bezala erabiltzen duten eraikina edo bunkerra, barne.

Egoeraren berri izatean, Zarauzko Udalarekin jarri ziren harremanetan gaztetxeko kideak, eta azaldu dutenez, egungo Gazteria zinegotziak erantzun zien agintaldi honetan ez dutela Putzuzulo eraitsiko, baina gai horretaz hurrengo udal gobernua osatuko duten arduradunekin hitz egin beharko dutela. Beraz, momentuz, ez dakite zer gertatuko den Putzuzulo eraisten dutenean. Izan ere, egungo udal gobernuak ez die proiektua beste nonbaiten birkokatzeko planik mahai gainean jarri.

Alternatibarik ez Putzuzulorentzat

Putzuzuloko kideen arabera, erantzun horrek "eskuak garbitu nahi izatea" eta "ardura falta" adierazten ditu. Jakin dutenez, eraitsiko dituzten gainontzeko eraikinetan aritzen diren eragileekin bildu da udala, Salberdinen eta inguruan dauden eraikinen eraistea gertatzen denerako alternatibaren bat topatzeko eta birkokatzea ahalbidetzeko.

Putzuzulokoek, berriz, salatu dute beraiekin ez dela inor bildu. "Horrelako hirigintza plan erraldoi bat diseinatu eta gurea bezalako proiektu kulturalarentzat alternatibarik ez planteatzeak garbi erakusten du horrelako proiektuekin amaitzea dela beraien helburua", azaldu du gaztetxeko kide batek.

Ta gaztetxiakin ze?

Putzuzuloren etorkizunaz kezkatuta azaldu dira bertako kideak, eta protestak abiatu dituzte dagoeneko. Ta gaztetxiakin ze? dinamika sortu berri dute, eta pasa den astean, honako irakurketarekin kaleratu zuten egitasmoa:

"Erlojupeko desjabetzeak ez du atsedenik hartzen. Etxe hutsez betetako herrian, etengabe berriak eraikitzeko egarria ez da asetzen. Munstroek ekin diote letaginak eta atzaparrak zorrozteari eta gure etxea irentsiko dute. Putzuzulo eraisteko atzera-kontua martxan da. Arazoa konpontzeko, EAJ-PNV-k borondaterik eta alternatibarik ez izatea lotsagarria iruditzen zaigu. Baina gu ez gara munstroen beldur".