Gorrototik ihes betean

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mar. 28a, 20:00
Zarauzko mahai-inguruan parte hartuko du gaur Santiago Carcamo errefuxiatuak. (Cristina Rueda)

Sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen ondorioz bere herrialdetik irten behar izan duten pertsonetako bat da Santiago Carcamo hondurastarra. Iaz mugitu zen Euskal Herrira: "Hemen beldurrik gabe atera naiteke kalera. Hori da desberdintasun nagusia".

Aldarte elkarteak antolatutako Sexu-orientazio eta genero-identitateen ondorioz gertatzen diren gorroto-delituei aurre egiteko erronkak gogoeta jardunaldien barruan, gaur, ostirala, gaiari heltzeko aukera izango da Antoniano aretoan, 18:00etatik aurrera. Hitza hartuko dute, besteak beste, Karen Mejia errefuxiatu politikoak (Honduras), Danilo Huertas FUIPCko lehendakaria eta LGTBI eskubideen defendatzaileak (Kolonbia), eta Santiago Carcamo errefuxiatu politikoak (Honduras).

Gizon transexuala da Carcamo, eta Honduraseko Comayagua herrian jaio zen. 2018. urteko otsailean mugitu zen Euskal Herrira, eta bertan bizi da egun. Hondurasen egunerokotasunean pairatzen zituen "pertsekuzioa, jazarpena eta mehatxuak", eta "kaleko egoera eutsiezina" zela azaldu du.

Irteteko hautua

"17 urterekin irten nintzen kalera transexual gisa aurrenekoz. Bigarren Hezkuntzan nengoen, eta eskolan ez zidaten nire ikasketekin jarraitzen utzi, ez ikastetxe horretan ez beste inon, "desbideratua" izateagatik", adierazi du hondurastarrak. "Moralgabea iruditzen zaie nire izatea". Egoera horrek gain hartuta, Hondurasetik irteteko moduak bilatzeari ekin zion Carcamok. "Hurbilago dagoenez, herrialdetik atera nahi dutenen lehenengo aukera Estatu Batuetara joatea izan ohi da. Dena den, jakin badakigu zein arrisku dituen bide hori immigrante ilegal moduan egiteak, eta horrek atzera egitera eramaten ninduen", azaldu du.

Bestalde, Hondurasetik alde egiteko erabakiak are indar gehiago hartu zuen Carcamoren lagun bat erail zutenean, San Pedro Sula hirian. "Hori gertatu zenetik, gogorragoa eta zailagoa bihurtu zen niretzat etxetik irtetea". "Oso egoera gogorra da, baina oso zaila da egoera berean gaudenon arteko harremana ehuntzea, guztiok ezkutatuta baikaude", gaineratu du. "Askotan, bakarrik egotea eta bizitzea egokitzen zaigu".

Azkenean Guatemalara alde egitea erabaki zuen, bere bikotekidearekin batera: "Bertara iristean, pertsonen trafiko sare batean sartu gintuztela ohartu ginen. Ustezko lagun batek esan zigun han enplegua bilatzen lagunduko zigula eta hobeto egongo ginela, baina lokal baten jabe ziren pertsona ezezagun batzuei saldu gintuztela konturatu ginen".

Ibilbide berria

"Hondurasera itzultzea lortu genuenean, ahal nuen moduan lan egiten hasi nintzen, espainiar estatura mugitu ahal izateko beharko nuen dirua aurrezten hasteko", dio Carcamok. Hondurasetik irtetea eta espainiar estatura iristea lortu zutenean, CEAR erakundeak errefuxiatuentzat sortutako programan sartu ziren. Hondurastarraren ustez, "hemen LGTBI kolektiboaren eskubideak oso aurreratuta daude, eta errealitatea oso bestelakoa da Erdialdeko Amerikakoarekin alderatuta". "Hemen beldurrik gabe atera naiteke kalera. Hori da desberdintasun nagusia. Edozein unetan irten naiteke, atzetik norbait jarraika dudan begiratu gabe", gehitu du. Osasun arretaren garrantzia ere azpimarratu du Carcamok: "Hemen nire tratamenduari jarraipen erreal bat egiten diote medikuek".

Hondurasetik irtetea eta ibilbide berri eta ezezagun bat hastea "oso gogorra" izan dela dio Carcamok: "Oso zaila da ezagutzen duzun guztia atzean uztea, senideak uztea eta zerotik abiatzea. Ez dakizu zer aurkituko duzun, baina bide horri heldu behar diozu derrigorrez". Izan ere, Carcamoren arabera, "ez dago beste irtenbiderik": "Honduras oso erlijiozkoa da, eta jendearentzat txarragoa da LGTBI komunitatearen parte izatea hiltzailea izatea baino. Ate guztiak ixten dizkigute, hezkuntzan eta lan-munduan, esate baterako. Ez dugu eskubiderik".

Carcamoren esanetan, momentuz Euskal Herrian gelditzeko asmoa du: "Oso gustura nago. Euskara pixka bat ikastea ere gustatuko litzaidake". Bere ibilbide berdina edo antzekoa egin duten pertsonak ezagutzeko aukera izan du Euskal Herrian, kolonbiarrak batez ere: "Ez gara herrialde berdinekoak, baina egoerak berdinak dira". "Kolonbian pertsona transexualek izena aldatzeko aukera dute, Gizarte Segurantzak tratamendua ordaintzen die, eta pertsona homosexualak ezkondu daitezke. Baina diskriminazioa oso handia da. Jazarpena eta gorroto-delituak han ere gertatzen dira, hilketak barne", azaldu du.